Jacques Rivette zinemagile frantziarrak zuzendutako Paris nous appartient (1961) filma emango dute gaur, apirilak 27, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan. Zinema eta Hiria zikloaren baitako emanaldia da, hilabete bakoitzeko azken asteazkenean gauzatzen ari direna.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatuta, Paris oinarri duen atzera begirakoa ari dira egiten Bilbon. Jean Vigo zinemagile frantziarraren L’Atalante (1933) filmak, surrealismoaren eta errealismo poetikoaren artean kokatutako drama erromantikoak, eman zion hasiera urtarrilean Frantziako hiriburuaren azterketa zinematografikoari, eta hilabetero ari dira proposamen berri bat eskaintzen.
Milou en mai (Louis Malle, 1989) eta Les quatre cents coups (François Truffaut, 1958) proiektatu zituzten otsailean eta martxoan, hurrenez hurren, eta gaur, apirilak 27, Paris nous appartient (1961) filmarekin emango diote jarraipena zikloari. Cahiers du Cinèma aldizkariko kritikari izandako Jacques Rivette zinemagilearen lehen lana da, frantziar olatu berriko (Nouvelle Vague mugimenduko) film ikonikoenetakoa bilakatu dena. Drama, misterioa, ironia eta komedia nahasten ditu, ezohiko estetika erabiliz.
Saioa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea, 71) izango da, 19:00etan. Sarrera doan da, baina bertaratu nahi dutenek kultura.bizkaia@coavn.org helbidera idatziz erreserbatu beharko dute gonbidapena, 15:00ak baino lehen.