Zuzendaria: Robert Eggers
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB

-Gero eta urrunago-

Badira ia ehun urte Bertolt Brechtek, bere teatro berritzailearen eskutik, ‘urruntze efektua’ erreibindikatu zuenetik (‘alienazio efektua’ gisa ere itzuli izan da ‘verfremdungseffekt’ kontzeptua); baliteke, ordea, Brechten ideia estetiko hark gaur egun inoiz baino indar gehiago izatea. Beharbada Michael Haneke aberkide alemaniarra du egungo dizipulurik leialena, hotza eta urruna dirudien estilo baten bidez Brechten programa politikoa XXI. mendera itzuli nahi izan dutenen artean arrakastatsuena —“politikoa”, zeren, haien esanetan, identifikazio-emozionala alde batera uztea nahitaezkoa da ikuslearengan hausnarketa intelektual-morala pizteko—. Hanekez gain, ez dira falta, ‘distantzia estetikoa’ delako baten alde, pertsonaiekiko atxikimendu emozionala ekiditen duten estetika garaikideak. Ez al da, bada, horixe Robert Eggers eta Ari Asterren kasua, A24 ekoiztetxe ‘indie’ko zinemagile formalista horiena?

Robert Eggersen The Northman filmaren estreinaldia dela eta, Fernanda Solorzano kritikariak pelikulako gudu-eszena nagusia (ziurrenik bisualki zirraragarriena den eszena, baita teknikoki trebeena ere) Elem Klimoven Come and Seeko gerra eszena guztiz aztoragarriekin konparatu du. Ukrainar gatazkaren gaia ezin saihestu, ez da Solorzano izan filmaren itxurazko izaera ‘anti-belikoa’ azpimarratzen bakarra. Come and Seeko eta The Northmaneko gerra eszenetan, bietan aldentzen da kamera, bietan alienatzen da, bietan ekiditen da erakusten den biolentziarekiko atxikimendu emozionala. Hala ere, berdin gertatzen ote da bi kasuetan? Edo, garrantzitsuagoa dena: funtzio bera betetzen al dute bi filmetako urruntze efektuek? Horra hor, nire ustez, Solorzanori (eta bide batez, geure buruari) jaurti beharreko galdera.

Izan ere, badirudi azken urteotan modan jarri dela akzio eszenetan ikusleak urrunetik den-dena garbi ikusi ahal izatea. Greengrassen Bourne filmetako muntaia kaotikoen aurka (begirada enpatikoaren eredu, agian), The Raiden aurkitzen dugun akzio estiloak lortzen duen distantzia estetikoa erreibindikatu ohi da. Gozamen estetikoarekin du zerikusi, ordea, distantzia mota horrek, nolabaiteko edertasun teknikoarekin; esan daiteke, bada, panorama indie/hipster amerikarretik irten den Robert Eggersen fetitxismo estetikoari berdin gertatzen zaiola (Jarin Blaschkeren argazkigintza zeharo txukun eta dotoreak lagundu dio eginkizun horretan). Eta, beraz, Brecht edo Hanekeren ‘urruntze’ak proiektu politiko garaikide baten menpe bazeuden, ezingo nuke Eggersen distantzia estilistiko eroso horri buruz gauza bera esan.

Zilegi da noizean behin urruneko koordenada fantastikoetara eskapada bat edo beste egitea: The Witchekin bikain eraman gintuen sorginen kondairetara, eta The Lighthousekin, berriz, marinelen munduko istorio gotikoetara. Oraingo honetan, The Northmanekin, bikingoen mitologian sakondu nahi izan du Eggersek. Baina denboran atzera urrunago eta urrunago egin arren, distantzia estetikoa gero eta gehiago areagotu arren, ez du askatasun handirik lortu. Alderantziz: izan ere, agerikoa da Universal etxearen 80 milioiko aurrekontuak lehen bi filmek zuten abstrakzio eta askatasun poetikoa sakrifikatu behar izan dituela, publiko handiaren eskaeren alde.