2022ko edizioko oinarri eta baldintzak argitaratu berri ditu Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Ohi bezala, urrian ospatuko dute, eta dagoeneko zabalik da lanak aurkezteko epea, uztailaren 31ra arte. Aurten, gainera, sariak indartu eta gehituko dituztela aurreratu dute.
45 urte beteko ditu aurten euskaraz ekoiztutako lanen erakusleihoa den festibalak. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta hiru norabidetan garatzen du bere lana: Euskarazko zinema sortuz, Euskararen zinema partekatuz eta Euskal Zinemagintzarekin saretuz. Tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta askotariko gaiak bildu ohi ditu lehiaketak, eta sortzaileak ikus-entzuleekin jartzen ditu harremanetan. Urriaren 20tik 23ra egingo dute 2022ko edizioa, eta dagoeneko zabaldu dute lanak bidaltzeko epea.
Euskara hutsezko lanak galdegin dituzte, eta beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, azpitituluak jarri (edo irudira txertatu) beharko dira euskaraz. Gehienez, 30 minutuko piezak aurkez daitezke, edozein genero edo tratamendu zinematografiko lantzen dituztenak. Ez dute onartuko 2021eko urria baino lehen egindako film laburrik, ezta aurreko edizioetan lehiatu denik ere.
Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartu nahi dutenek jaialdiaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxa bete beharko dute, eta lanak Youtube edota Vimeo kanaletara igo, pasahitza edo esteka pribatuarekin. Gainera, hiru fotograma, kartela (edukiko balu) eta egilearen datu pertsonalak erantsi beharko dira. Sorkuntzak aurkezteko azken eguna 2022ko uztailaren 31 da.
Sari gehiago
Eskuzabal aurkeztu dute antolatzaileek 45. edizioa, izan ere, aurrekoetan baino sari gehiago eta potoloagoak banatuko dituzte. Film onenak 3.000 euro jasoko ditu, zuzendari eta gidoi onenek 1.600 euro bakoitzak. Ikus-entzuleek ere izango dute gogokoen duten lana aukeratzeko tartea, eta 750 euro banatuko dituzte.
Aurten, gainera, 2000. urtetik aurrera jaiotako sortzaileen lana errekonozituko du Gazte 22 sariak. Sail honetan lehiatu nahi duenak izen-emate orrian hala adierazi beharko du, eta eskariari NAN kopia bat erantsi beharko dio. Kasu honetan ere, irabazleari 750 euro emango dizkiote.
Euskal Zine Bileraren webgunean aurki ditzakezue oinarriak eta baldintzak.