Zinema-aretoek Europar Erkidegoko eta Iberoamerikako filmen kopiak eskuratzeko laguntzen deialdiaren lehenengo ebazpenaren berri eman du Zineuskadi Elkarteak. Guztira, 105.000 euro banatu ditu gehienez hiru pantaila dituzten (78.500 euro) eta hiru pantaila baino gehiago (26.500) dituzten aretoen artean.
2022ko urtarrilaren 10ean argitaratu zuen Zineuskadi zinema-aretoek Europako Erkidegoko eta Iberoamerikako filmen kopiak eskuratzeko diru-laguntzen deialdia, eta dagoeneko lehenengo ebazpenaren berri eman du. 2022ko deialdiko onuradunen eta ukatutako eskaeren zerrenda elkartearen webgunean jarri dute kontsultagai. Orotara, 105.000 euroko finantzaketa zehaztu dute.
Finkatutako oinarriei jarraiki, jasotako eskaerak eta dokumentazio guztia aztertu eta gero, Zineuskadi elkarteko kideek aurkeztutako proposamenak aztertu eta ebaluatu dituzte. Zineuskadi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu zitzaion laguntzen banaketa proposamena, presidenteak laguntzak banatzeko dagokion akordioaren berri eman eta horien zerrenda argitara zezan.
Bi modalitatetan banatu dute laguntza: A modalitatean, gehienez hiru pantaila dituzten aretoek izan dute babesa jasotzeko aukera (guztira 78.500 euro banatu dituzte, 3.500 euro Zinema Euskaraz programako filmei dagokie); B modalitatean, aldiz, hiru pantaila baino gehiago dituzten eskabideak sailkatu dituzte (guztira 26.500 euro banatu dituzte, 1.500 Zinema Euskaraz programako filmei dagokie).
Ezagutu ebazpen akordioa, hemen.