Santurtzine – Santurtziko Zine jaialdiak hamarkada beteko du aurten, eta ospatzeko, keinu berezia egingo diote festibalaren historiari eta parte-hartzaileei. Festibal sozial, parte-hartzaile eta horizontalaren 10. edizioa urriaren 6tik 22ra bitartean egingo dute. Dagoeneko ireki dute izen-emate deialdia.
Saregabe taldeak antolatutako zinema jaialdia da Santurtzine, filmen emanaldiak, erakusketak, lehiaketak eta hainbat hezkuntza programa uztartzen dituena. Egitura horizontala du, hau da, sortzaileak eta ikus-entzuleak maila berean jartzen ditu, hartu-emana izan dezaten, eta hiriko dinamizazio kultural, sozial eta ekonomikoa du helburua. 10. edizioa beteko du aurten festibalak, eta dagoeneko ireki dute filmak aurkezteko epea.
Lau sail lehiakor izango ditu 2022ko Santurtzinek. Estatal eta Ibiltariak ataletan parte hartu nahi duten sortzaileek irailaren 24ra arte izango dute beraien lanak bidaltzeko aukera. EITB-Euskal Pantailak saila, aldiz, abuztuaren 14an itxiko dute, eta Santurtzi saila, irailaren 18an. Azken honetan lehiatzeko bideolanek, gehienez, hamabost minutuko iraupena izan beharko dute, eta gutxienez, plano bat herrian bertan grabatuta egon beharko da.
Antolatzaileek Movibeta eta Festhome bidez jasoko dituzte Estatal, EITB-Euskal Pantailak eta Ibiltariak ataleko lanak, eta euskaraz edota gaztelaniaz errodatuta egongo ez balira, azpitituluekin aurkeztu beharko lituzkete sortzaileek. Santurtzi sailekoak, bestalde, wetransfer bidez bidali behar dira seleccion@santurzine.es helbide elektronikora.
Hautatutako lanak Santurtziko zinema aretoetan, espazio alternatiboetan, tabernetan eta hiriko beste hainbat egoitzetan egongo dira ikusgai hiru astez, eta sari andana jasotzeko aukera izango dute. Itxiera-ekitaldia eta sari-banaketa urriaren 22an izango da.
Kolaborazioak
Amnistia Internazionala erakundeak jaialdia babestuko du aurten ere, Ibiltaria atalaren bidez, hain zuzen ere. Oraingo honetan, Giza Eskubideen Adierazpenaren 19. artikuluari buruzko film labur eta luzeak programatuko ditu, adierazpen askatasuna eta protestarako eskubidea gai dituztenak. Saria epaimahai gazteak ebatziko du, institutu eta unibertsitateetako ikasleez osatuta egongo denak.
Bestalde, orain arte erakusketa izaera zuen Euskal Pantailak atalari EiTB batu zaio, eta lehiakorra izango da. EiTBk 1.000 euroko saria emango dio Euskal Herriko egile hasiberrien lan onenari, eta Santurzine Zine Lantegia Sorkuntza Foroa ere babestuko du, garatzen ari diren egitasmo onenari 500 euro emanez.
Bizitegi elkarteak jaialdiari lotuta jarraituko du aurten ere, baina Kalean atala desagertuta, izen bereko sariak aurrerantzean gizarte-bazterketa jorratzen duen edizio osoko lan onena errekonozituko du, 500 euroko sariarekin.
Informazio gehiago eta deialdiaren baldintzak, hemen.