Donostiako Bagera Elkartearen Zineforumaren baitan, bi euskal film labur eskainiko dituzte bihar (apirilak 27) Lugaritz  Kultur Elkartean: Tenpraren guarpena (Idoia Lahidalga Baglietto eta Oihane Puertas Ramirez, 2021) eta Araxesen gainetik, Malloen azpitik (Arantxa Mikeo, 2021). Proiekzioen ostean, solasaldia egingo dute bi film laburren zuzendariekin.

Bagera Zineforuma apirilak 27

XIX. mendeko Erronkaribarko emakumearen errealitatea islatzen duen dokumentala da Lahidalga Baglietto eibartarrak eta Puertas Ramirez lasartearrak zuzendutakoa: belaunaldi ezberdinetako lau emakume, bailarako herri ezberdinetakoak, esperientzia ezberdinarekin historia berdina kontatzen. Mondragon Unibertsitateko Kimu Berri saria eskuratu zuen iaz Tenpraren guarpena lanak, gradu amaierako lan onenari emandakoa, eta Donostian erakutsiko dute bihar, Bagera Elkartearen Zineforumean.

Ostean, Araitz eta Beteluko ahozko memoria immateriala bildu eta transmititzeko xedez, udalek Labrit Ondarearen bitartez bultzatutako ikus-entzunezkoa proiektatuko dute: Araxesen gainetik, Malloen azpitik. Hogeita bi elkarrizketa egin dituzte sortzaileek, eta emaitza ikusgai izango da pantaila handian.

Emanaldia Lugaritz Kultur Etxean egingo dute, 18:30ean, eta Gaizka Aranguren, Arantxa Mikeo, Idoia Lahidalga, Oihane Puertas izango dira gonbidatuak.