Alex Txikon alpinista bizkaitarra protagonista duen ANWAR film dokumentalak Trentoko Zinema Jaialdian izango du nazioarteko estreinaldia. Apirilaren 30ean eta maiatzaren 2an egingo diren saio bitan izango da ikusgai, ALP & ISM atalaren baitan.

Rosa Garcia Loirek zuzendutako hau Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen erroodatutako filma da, eta Txikonek Manaslura (Nepal) egindako espedizioa du oinarri. Eguzki-panelak erabilita eta kutsadurarik eragin gabe egindako lehen igoera izan zen honakoa, eta sistema jasangarri horri esker, aztarna energetikoa murriztu zitekeela erakutsi zuen mendizale-taldeak. Parisko Akordioei jarraiki, EKI Fundazioak hasitako elkartasun-ekimenari hasiera eman zion igoerak.

Besteak beste, Txikonek gertutik ezaguzen duen EKI Fundazioak Sierra Leonan egiten duen lana erakutsiko du filmak. Izan ere, bertan autonomia energetikoa ahalbidetzen duen eguzki-energia sistema jarri dute martxan. Bada, Txikonek idea hori Pakistaneko Diamer bailaran dagoen eskola berezi batean aplikatzea proposatuko du, Günter Mountain School eskola, ezberdinak eta berdinak diren bi kulturen artean sare berezia ehunduz.

Arestian aipatu bezala, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditoriumean egin zuten mundu mailako estreinaldian eman zuten ezagutzera proiektua eta, estreinaldi komertziala baino lehen, jaialdiz jaialdi mugitu nahi dute orain. Trentoko (Italia) Zinema Jaialdian egingo dute lehen geldialdia. Apirilaren 29tik maiatzaren 8ra ospatuko du festibalak 70. edizioa eta, hain zuzen, apirilaren 30ean eta maiatzaren 2an egingo diren saio bitan izango da ikusgai ANWAR dokumentala, ALP & ISM atalaren baitan.

Alpinista bizkaitarrak filmaren aurkezpenaren atarian adierazitakoaren arabera, ikus-entzunezkoa “egindako lan txukunaren ondorioa da”. Emaitzari dagokionean, publikoak ikusten duenarekin enpatia sentitzea espero du, eta aukera desberdintasunaren gaineko hausnarketa egitea.