Mendi Tour zirkuitu ibiltariak aurrenekoz izango du Murgian eta Laguardian geralekua. 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdian lehiatu ziren film nabarmenenak erakutsiko dituzte apirilaren 22an eta 23an, hurrenez hurren.
Gasteizen egin zituzten emanaldiak iragan martxoaren 14tik 18ra, eta orain, Ascentium kirol eta kultur ekitaldien enpresarekin eta Vital Fundazioarekin lankidetzan, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia festibalak Araban bi hitzordu berri atondu ditu. Murgian, Zuiako Udala, eta Laguardian, Laguaria-Biasteriko Udala lagun dituztela, saio bana antolatuko dute hiruna film labur eskainiz. Arantxa Ibañez de Opacua Fundación Vital Fundazioko zuzendariak martxoko aurkezpenean azpimarratu bezala, “geroz eta jende gehiagorengana iristeko gogoz, eta istorio apartak, emozionanteak eta inspirazio-indar handikoak eskaintzeko gogoz” lotu dituzte emanaldiok.
Murgian, apirilaren 22an, Zuiako udaletxean proiektatuko dituzte BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioan parte hartu duten hiru filmak; Laguardian, aldiz, Antonio Mijangos Kultura Aretoan, hilaren 23an. Batean zein bestean, 19:00etan hasiko dira saioak, eta sarrera doakoa izango da.
Jarraian dituzue ikusgai egongo diren lanak:
- Jötunn (Aniol Serrasolses) – Sail ofizialean lehiatu da – 25’.
- The Traverse (Ben Tribbetts) – Epaimahaiaren saria – 34’.
- Black Ice (Zachary Barr eta Peter Mortimer) – Eskaladako film onena – 45’.