Maiatzaren 2tik aurrera, musikarekin eta gai sozialekin lotutako ikus-entzunezko lanak eskainiko ditu asteartero Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak. Navarro Villoslada kaleko 8. Zenbakian duten lokalean egingo dituzte emanaldiak.

Sortze eta jardunaren helburua punk-rock kulturaren sustapena badute ere, eduki eta genero aldetik orotarikoa da Orbain Kultur Elkartearen programazioa. Eduki eskaintzak ez du etenik, eta egitasmo berria aurkeztu dute: Doku-mental izeneko dokumentalen zikloa.Musika eta gai sozialak ardatz, dokumentalak edo bestelako ikus-entzunezkoak izango ikusgai asteartero egingo dituzten hitzorduetan, Euskal Herrian bertan zein gure mugez kanpo ekoitzitako proposamenak, betiere punk rock unibertsoarekin lotura estua gordetzen dutenak.

Elkarteko kideek azpimarratu dute, elkartearen helburuak kontuan izanda, apustu garrantzitsua izango dela dibulgazio kulturalaren ikuspegitik: “Azkenaldian, ikus-entzunezko materialen ekoizpena handiagoa ari da izaten, eta gero eta kalitate handiagoa dute bai errealizazioan, bai edukietan. Interes berezikoak iruditzen zaizkigun gaiak jorratuko eta horietan sakonduko dugu”.

Horrez gain, posible den heinean, ikus-entzunezkoarekin zerikusia duten gonbidatuek parte hartuko dute emanaldi osteko solasaldian.

Maiatzeko hitzorduak

Hilero iragarriko ditu elkarteak hurrengo asteetarako hitzorduak. Beren sareen bitartez zabalduko dituzten kartelen bidez bilduko dituzte proiektatuko diren lanak eta bakoitzaren sinopsia; eta, horrekin batera, ikus-entzunezkoa aurkeztera edo gaiari buruz hitz egitera hurbilduko diren gonbidatuen berri ere emango dute.

Maiatzerako atondu duten emanaldi sorta izan da iragarri duten lehena. Asteartetan egingo dituzte hitzorduak, lehengoa salbu, arratsaldeko 19:00etatik aurrera; doako saioak izango dira eta krispetak hartzeko aukera izango da.

  • MAIATZAK 2 | 18:00etan,  Una Orquesta Armada. ¿Puede la música cambiar el mundo?  (2022)

Ivan Muñiz zuzendariaren presentziarekin. Musikaren botere eraldatzaileari buruzko film dokumentala da. Iñaki Urbizu Pela bezalako hainbat musikariren eskutik, gogoetak eta bizipen interesgarriak jasotzen ditu.

  • MAIATZAK 10 | 19:00etan, Las costuras de la piel (2015)

Ondoren, UGT eta CNT sindikatuetako ordezkariekin solasaldia. Duintasunezko istorio bat: Bangaloreko ehungintzako langileak gerran daude, eta badakite lan baldintza justuak lortzeko modu bakarra ugazabekin eduki beharreko zuzeneko konfrontazioa dela.

  • MAIATZAK 17 | 19:00etan,  Kafana ¡Basta ya! (2016)

Ondoren, Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin solasaldia. Kafana (“Aski da!”) saharar errefuxiatuen sentimendua da, eta beren herrira itzultzea eskatzen dute indarrez.

  • MAIATZAK 24 | 19:00etan, El ejército secreto de la OTAN: Operación Gladio (2009)

 Gladio Operazioa NATOrekin lotutako ezkutuko espioitza-sare bat izan zen, Gerra Hotzean Mendebaldeko Europan jardun zuena eta Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA) finantzatu zuena.

  • MAIATZAK 30 | 19:00etan, Punk: Attitude (2005).

Don Letts-en lan honetan, generoko hainbat figurek punk rockari buruzko beren ikuspegia eta esperientziak kronologikoki kontatzen dituzte: David Johansen (New York Dolls), Thurston Moore (Sonic Youth), Henry Rollins (Black Flag), Captain Sensible (The Damned), Jim Jarmusch, Mick Jones (The Clash), Jello Biafra (Dead Kennedys) eta Siouxsie Sioux (Siouxsie and the Banshees), besteak beste.