Estibaliz Urresola zinemagile arabarrak 61. Semaine de la Critique sailean erakutsiko du Cuerdas, bere bosgarren film laburra. 75. Cannesko Zinema Jaialdiaren baitan ospatuko duten frantziar zinemaldiko sail paraleloan lehiatuko da, maiatzaren 18tik 26ra.
20.000 especies de abejas lanarekin Berlinaleko Co-Production Market 2022 merkatuan parte hartu berritan, Urresolak urteko bigarren hitzordu garrantzitsuenera egingo du bidaia. 75. Cannesko Zinema Jaialdiaren baitan ospatuko duten 61. Semaine de la Critique sailean erakutsiko du Cuerdas, bere bosgarren film laburra, eta Leitz Ciné Discovery zein Canal + sariak irabazteko hautagai izango da.
Maiatzaren 17tik 28ra bitartean ospatuko da aurtengo Cannesko jaialdia, eta antolatzaileek dagoeneko eman dute sail ofizialean eta La Semaine de la Critique atal paraleloan aukeratu dituzten filmen berri. Urresolak zuzendutakoa da, gaur gaurkoz, baieztatu duten euskal ekoizpen bakarra. Kaouther Ben Hania, Ariane Labed, Benedikt Erlingsson, Benoît Debie eta Moon yung Huh izango dira 61. Semaine de la Critique saileko epaimahaikideak, eta zinemagile euskaldunak idatzi eta zuzendutako lana beste bederatzi film laburrekin lehiatuko da.
Cuerdas film laburrak emakumeez osatutako koro bat izango du ardatz. Banatzear daude, entseguetarako erabili ohi duten lokala alokatzeko udalak ez baitie diru-laguntza ematen jarraituko. Zinemagileak berak adierazi duenez, “kontakizunak oinarri dokumentala badu ere, benetako pertsonaiak zein lokalizazioak fikziozko dispositibo narratibo-filmikoarekin konbinatuko ditu, eta horri esker, dimentsio intimoenera iritsiko gara, istorio lokala unibertsal bilakatuz”.
Gazteleraz filmatuta, 29 minutu irauten ditu, eta Muskizen zein Laudion hartu dituzte irudiak. Aktoreen zerrenda Begoña Suarezek, Miguel Garcesek, Xanti Agirrezabalak, Jone Laspiurrek, Oier Zuñigak eta Ainhoa Jauregi Ruizeik osatzen dute.
Sirimiri Films, Gariza Films eta Katz Estudio ekoiztetxeen ekoizpena da Cuerdas, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza eta EiTBren partaidetza ditu. Juego de damas antzerki taldeak eta San Fuenteseko Emakumeen Koruak ere parte hartu dute proiektuan.