Bost teilatu film laburren bilduma Amasa-Villabonan pantailaratuko dute gaur. Emanaldia 19:30ean hasiko da, Gurea Antzokian, eta Leire Egañak, Erlojupekoa piezaren zuzendariak aurkeztuko du Geuretik Sortuak kultur proiektuaren emaitza den lana. Datozen egun eta asteetako hitzorduak ere baieztatu dituzte.

Bost teilatu-Amasa-Villabona-zinea

Adabaki ekoiztetxeak ekoiztutako filmak 80 minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan errodatu da, Raul Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako Muga Beran eta Lesakan. Ezagutu istorio bakoitzaren sinopsia, hemen.

Geuretik Sortuak kultur proiektuaren emaitza den Bost teilatu film laburren bildumaren aurre-estreinaldia Leitzan egin zuten iragan martxoaren 31n, eta gaur, berriz, Amasa-Villabonan emango dute, Gurea Antzokian. Saioa 19:30ean hasiko da, eta Egaña zinemagilea izango dute gonbidatu. Sarrerak 3 euro balio ditu.

Proiektuan parte hartu duten gainerako udalerrietan egongo da ikusgai apiriletik aurrera, eta bakoitzean zinegile batek bere esperientzia kontatuko du. Bihar, apirilaren 22an, Baigorrin emango dute, eta Martinezek aurkeztuko du saioa.

Udalbiltzaren agendan edota sare sozialetan kontsulta daitezke data guztiak.

Geuretik Sortuak ekimena

2020an jaiotako ekimena da Geuretik Sortuak kultur proiektua. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi baitzuen osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean. Egoera hori iraultzeko asmoz, ekimen berri hau  jarri zuen abian Udalbiltzak, kultur sorkuntzak zabaltzerako orduan aliaturik garrantzitsuenak diren udalerriei protagonismoa emanez. Hala, lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, 25-30 udalerri hautatu zituzten proiektuen sormen laborategi eta eszenatoki bilakatzeko.

Proiektua lau fasetan garatu dute. Lehenengo aldia 2020ko irailetik abendura garatu zuten, eta herrien artean elkarlana sustatu eta ekimenarekin bat egiteko aldia izan zen. Proiektuak jasotzeko deialdi publikoa zabalduz eman zioten hasiera bigarren faseari, 2021ko urtarrilean: Zinemagile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdia otsailaren 5era bitarte egon zen zabalik, eta eskaeren artean aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta egokitzeko gaitasuna baloratuko zirela iragarri zuten. Udalbiltzako ordezkariek kulturgile bekadunak hautatu zituzten, eta haietako bakoitzari herri edo herri-multzo bat esleitu zitzaion, literatur lan bat, antzezlan bat ala film labur bat garatu ahal izateko. Hiru astera bitarteko egonaldiak izan ziren. 26 izan ziren, orotara, programan parte hartzeko hautatuak izan ziren artistak: 16 idazle, 5 zinemagile eta 5 antzerki konpainia.