Espainiako Ministroen Kontseiluak hala erabakita, aurrerantzean musukoaren erabilera ez da derrigorrezkoa izango Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Aste Santua hasi baino lehen eman zuten asmoen berri, eta atzo onartu zuten gaur bertan indarrean jarri duten dekretua. Ipar Euskal Herrian, aldiz, martxoaren 14az geroztik dago bertan behera musukoaren nahitaezko erabilera zinema aretoetan.

EZAE musukorik ez-zinea

Espainiako Gobernuko eledun Isabel Rodriguezek Osasun ministro Carolina Dariasek atzo egin zuten agerraldia, eta espazio itxi gehienetan musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango ez bada ere, garraio publikoan, ospitaleetan, osasun zentroetan, farmazietan eta zaharren egoitzetan oraindik ezinbestean jarrita izan beharko dute herritarrek. 12 urtetik gorako herritarren %92k txertoaren jarraibide osoa izatea eta birusaren sintomak arinagoak izatea izan dira erabakia hartzeko irizpide nagusiak. Hala, “arrisku apala” dagoela nabarmendu eta egoera epidemiologikoa hobetzen dagoela adierazi dute.

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak aldarte onez hartu du zinema aretoetan musukoa derrigorrez jantzia eramatearen neurri murriztailea deuseztatu izana: “Albiste ona dugu; bai pandemia gainditze bidean gaudelako eta baita gure aretoetan film onenez gozatzeko erosotasunagatik ere”.

COVID19ak eragindako seigarren olatua pasata, urtarrilaren 28an berreskuratu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoek edukiera osoa; Nafarroan, aldiz, urtarrilaren 14ra arte egon ziren azken neurri murriztaileak indarrean. Jan-edana ere baimenduta, musukoa erabiltzearen derrigortasuna izan dute Hego Euskal Herriko egoitzek pandemia aurreko normaltasunera itzultzeko azken muga. Ipar Euskal Herrian, aldiz, martxoaren 14az geroztik dago bertan behera musukoaren nahitaezko erabilera zinema aretoetan.

Bi urte luze irribarrerik gabe

202ko martxoan ezarri zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera, eta itxialdi orokorrak kinka larrian utzi zituen zinema aretoak. EZAEk “egoera kritikoak” daudela salatu zuen, eta 2022ko urtarrilean Crónica Vasca atariari erraztutako analisian zehaztu bezala, azken bi urteetan “6 milioi ikus-entzule galdu” dituzte, “35,2 milioi euro zinema-sarreretan”. 2020ko azaroan, 2,6 milioi ikusle eta 10 milioi euroklo galerak zenbatu zituzten dagoeneko.

Hego Euskal Herriko zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak, izan ere, Pedro Sanchez presidenteak konfinamendua pixkanaka-pixkanaka leuntzeko plangintza iragarri zuenean ezagutu genuen albistea. Ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoz, baina, irekiera ekainaren 26an gauzatuko dutela esan zuen Donostiako zinema aretoak ustiatzeaz arduratzen den SADE taldeak. EZAEko bazkide diren gainerako aretoek ekainaren 1ean irekitzea aztertu zuten.

Sanchez presidenteak iragarritako deseskalatze planak bigarren fasean ahalbidetu zuen zeregina, eta irekiera ospatzeko, A Contracorriente Films banatzaileak Giuseppe Tornatore zinegile italiarraren Nuovo Cinema Paradiso (1988) filma berrestreinatuko zuela iragarri zuen.