Zuzendaria: Mark Cousins
Urtea: 2021
Herrialdea: Erresuma Batua
Honela zioen Charles Baudelairek, 1846ko ‘Kritika, zertarako?’ entseguan: “Nire aburuz, kritika onenek entretenigarriak eta poetikoak izan behar dute; kritika onenak ez dira hotzak eta algebraikoak, den-dena txukun azaltzeko aitzakiarekin, ez dutenak ez maitasunik ezta gorrototik ere adierazten”. Eskema zehatz batekin ito nahi gabe, arte-kritikariaren lanaren askatasun poetikoa defendatuz, argi dago Baudelairek buruan zuen idazleak ez zuela obraren “ezkutuko zentzu” bat aurkitu eta jakinarazteko betekizuna; horren ordez, “kuadro baten kronika onena soneto edota elegia bat izan daiteke”.
Argi dago Mark Cousins zinema historialari eta kritikariari ezin zaiola Baudelairek zuen apartekotasuna eskatu; nahiko luke, bestalde, Robert Walserrek bere kritikari lanetan margolanekin ezartzen zituen alegiazko elkarrizketen txispa hura eduki. Hala ere, baliteke haien eskola berekoa izatea, eta Susan Sontagekin batera, “interpretazioaren aurka”, zinemaren ‘Historiari’ lehen hizki maiuskula kendu nahi izatea, plazer erretoriko hutsen alde. The Story of Film: An Odisseyrekin, ikus-entzunezkoen historian zehar ibilbide erakargarria egitera gonbidatu gintuen orain dela hamar bat urte —izenburuak berak argi uzten zigun hura ez zela zinemaren ohiko historia bat (‘history’), istorio (‘story’) ezberdin bat baizik—; eta iaz, odisea hari 2010etik 2020rarteko hamartea gehitzeko, A New Generation estreinatu zuen Cannesen.
Mantentzen du Cousinsek, oraindik ere, Baudelairek kritikariaren lanari eman nahi izan zion askatasuna. Estilo propiodun gidoilari eta narratzaile aparta denik zalantza gutxi dago jada: off-ahotsean, eskoziako azentu berezi horrekin, kadentzia eta intonazioen musikaltasuna bikain menderatuz, metaforaz jositako hitz jarioek irudiei nolabaiteko dimentsio liluragarri bat ematen die. Teoria kritiko finko gabe eta ia-ia hari logiko gabe, harrigarria da horren minimalista den entseguak (bai bere asmo zein elementuetan) ia hiru orduko iraunpenari hain ondo eustea. Nola ez, hori guztia eszenen aukeraketa bikain batek lagunduta; Cousinsen artxibo lanak mendebaldeko zinema-kritikarion kanona aski zabaltzen du, berdin baitzaio Deadpooli zein Ugandako komedia abangoardista bati buruz hitz egin.
Amaitu dezagun, hasi dugun bezala, Baudelairren hitzekin: “izateko arrazoi bat edukitzeko, kritikak partziala, grinatsua, eta politikoa izan behar du. Hots, ikuspegi partzial batetik egina, beste mila bide berri irekitzeko gai den ikuspuntutik, nolanahi ere”. Hortxe dugu Mark Cousins bide berri horiek argitzen laguntzeko.