Nazioarteko ibilbideari jarraipena emango dio Arantza Santestebanek. Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko 40. edizioaren baitan erakutsiko dute apirilaren 21ean eta 22an 918 gau film esperimentala, eta Munichera zein Errumaniara bidaiatuko du ostean. Aurretik, baina, Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekan egongo da ikusgai.

918 gau-apirila-maiatza-zinea

Errekonozimenduak pilatzen dabil Arantza Santestebanen 918 gau film esperimentala. DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan -publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi ditu-. Irakurri Ines Arruek idatzitako kritika, hemen.

Bada, Montevideon erakutsiko dute bihar eta etzi zinemagile nafarraren lana, Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko 40. edizioan. Maiatzean ere, bi hitzordu garrantzitsu izango ditu 918 gau filmak: hilaren 4tik 15era bitartean ospatuko duten Municheko 37. Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian parte hartuko du lehenik, eta hilaren 13tik 22ra bitartean egingo duten Errumaniako One World Giza Eskubideen eta Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialditik igaroko da ostean.

Aurretik, baina, Bilbon egingo du egonaldia. Apirilaren 27an (asteazkena), 17:00etan, eta apirilaren 28an (osteguna), 19:30ean, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinema aretoan egongo da ekoizpena ikusgai. Zinematekak antolatutako Aldaketaren ahotsa zikloaren baitan atondu dituzte emanaldiak. Zikloak zinemaldi garrantzitsuenetan epaimahaiek eta ikusleek goretsitako zuzendariek bultzatutakoa zinema-industria garaikidearen aldaketa progresiboa islatu nahi du, eta hain zuzen ere, Santestebanen lanak emango dio hasiera. Osteguneko emanaldira, gainera, zinemagilea bera gonbidatu dute solasaldira.

Bizitzako esperientzia horiek

Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta aurreikusita dago 2022an helduko dela estreinaldi komertziala.