Zuzendaria: Ben Stiler / Dan Erickson (Sortzailea)

Urtea: 2022

Herrialdea: AEB

Euskarria: Apple TV

Denboraldiak: 1

Atalak: 9

Severance, euskaraz haustura edo erauzketa, esperientzia berezia da oso. Argudioa aurretiaz gehiegi zapuztu nahi ez badut ere, zerbait argitu beharko dut telesailak azaltzen duenaz, kritikari heltzeko, beraz, eutsi.

Nolakoa izango litzateke gizarte bat non, nortasuna eta oroimena bitan banatzeko gaitasuna garatuko litzatekeen. Lumon, enpresa hori da, teknologia berezi hori garatu duen korporazioa. Eta langileekin aurrera eramaten ari da proiektua, esperimentua, bi pertsona batean batzearena. Bitan banatutako bakarra, gorputz bakarrean elkarren berririk ez duten bi bizitza. BataK lanean dirau, soilik lanean bizi da, ez daki nolakoa den bizitza bulegoko hormetatik at, lanaldiaren ordutegian berrezartzen da egunero, etengabeko kiribilean. Besteak, kanpoan egiten du bizitza, eta ez daki zer den han barruan ordu luzez egiten duena. Hala erabaki du;  batak ala biek, ez nago hain ziur.

Ericksonek distopia hurbilean kokatuko gaitu, oraindik materialki burutu ez den errealitatean, beste kontu bat izango da telesailak azaltzen duen errealitateak oraina zein punturaino irudikatzeko gaitasuna duen metaforaren bitartez.

Argazki zaindu eta plano neurtuen bitartez errealitate klaustrofobiko eta irreala irudikatzeko gauza izango da. Umore absurdoaz baliatu, lan munduaren transzendentziaz irri egiteko. Muntaia bizkorra erabiliko du, kronometroa bezalakoa, eszenaz aldatzeko, kokapenez, istorioaren mesedetan, geu ere ikusle gisa gal gaitezen azalduko zaigun puzzlean. Piezak, banan bana kokatuko dira, atalez atal, orden neurtuan, irudi osoaren zantzurik soma ez dezagun. Saia gaitezen asmatzen zer den gertatzen dena, baina ez digu nahikoa emango, nahastu nahi baikaitu.

Alienazioaren irudikapen aparta egingo du telesailak. Silicon Valley bertatik eratorritako giza baliabideen egituren muturreko teknikak. Korporazio transnazionalen ez-lokalizazioa, aseptikotasuna, despertsonalizazioa. Begira, lantegi honetan ping-pong mahai bat dute! Hara! Eta zure urtebetetzean festa bat antolatuko dizute. Margaritak, anana entsalada eta Hawaiiar lepokoekin argazkia atera eta paretan jarri, hilabeteko langilea jarriko du letra larriz azpian.

Sailak banatu, espezializazioa sustatu, nork zer egiten duen jakitea galarazi, likido bilakatu, likido eta hermetiko. Forma ezabatu, nortasuna bezala, berrezarri egunero, eta sinatu hemen, konfidentzialtasun klausula.

Aktore lana goraipagarria izango da telesailean, Adam Scott, Britt Lower, Patricia Arquette, John Turturro, Christopher Walken, besteak beste. Irudikatuko dute bizitza dikotomikoaren nahasmena eta gatazka, ezjakintasunaren zama, nortasun zirriborrotsuaren malda, gora, aldapan gora, bultzaka, ulertzen ez duten lan eskerga. Eta ondoren koloretako argiak eta musika pixka bat, purpurinazko borlak, argazkia eta esan chees! Anglofiloak gara eta.

Telesailaren lehenengo denboraldiak bete-betean asmatuko du; atalez atal inuzentzia naif eta umoretsutik, tenka eta suspentse zorrotzenera egingo du bidea. Protagonistek bezala, korridore aseptiko, garbi eta soiletatik, gela ilun eta aztoragarrietara egingo dute iragatea, komediatik tragediara. Guztiak daude han, guztiak ezagutzen dira, eta ez dira ezagutzen, inork ez dakielako ezer. Edo bai? Sinatu al duzu konfidentzialtasun klausularik? Zatoz bada, hemendik da. Ez begira atzera, iragana desagertuko da zure pausoekin batera.

Bigarrengo denboraldiaren irrikatan utziko zaituzte Severance-k. Bitartean, gorde ondo bizipena memorian. USB batean edo bitan bada hobe, egin backup bat. Berrabiarazten zaituztenerako, ez dezazuen ahantzi.