Harkaitz Cano idazlearen liburua oinarri duen Orkestra lurtarra animazio komedia apirilaren 8an estreinatu zen Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, aldiz, hilaren 13tik aurrera izango da ikusgai.

Orkestra Lurtarra animazio filmaren protagonista Manu da. Musika-banda bat osatzeko ametsa du, eta bere lagun zoroei eskatuko die laguntza: urduri dagoenean besapean azkura sentitzen duen kontrabaxu-jotzailea; naturaz gaindiko usaimena duten Perfumetti anaia bikiak; Korokanti abeslari liriko biboteduna eta Osoki, agertokiari beldurra dion perkusionista. Gainera, presidente ahuntza ere izango dute bidelagun.

Harkaitz Cano idazlearen liburu homonimoa oinarri, Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce zuzendariek gidatu dute proiektua eta animazioan ibilbide luzea egindakoa den Lotura Films ekoiztetxea du atzetik. 2020an estreinatutako Lur eta Amets filmaren arrakastaren ondotik, animazio komedia eta road-movie musikalaren osagaiak nahasten dituen proposamena aurkeztu dute oraingoan.

Arestian aipatu bezala, joan den apirilaren 8an heldu zen filma Hego Euskal Herriko areto nagusietara. Ipar Euskal Herriko zinema geletan, aldiz, Gastibeltza Filmak egiturak banatuko du eta asteburu honetatik aurrera egingo dituzte lehen emanaldiak:

MAULE: Apirilaren 13an eta apirilaren 18an, 15.00etan.

GETARIA: Apirilaren 16an, 14.15ean.

HAZPARNE (Haritz Barne): Apirilaren 21ean, 17.00etan, eta apirilaren 24an, 16.00etan.

BIARRITZ: Apirilaren 21ean, 14.30ean.

DONAPALEU: Apirilaren 22an, 15.00etan.

DONIBANE GARAZI: Apirilaren 24an, 16.00etan.

URRUÑA: Apirilaren 24an 11.00etan; 26an, 17.00etan; eta maiatzaren 1ean 15.30ean.

Datozen asteetan, Kanbo, Hendaia eta Donibane Lohizunen ere egongo direla iragarri dute filmaren kudeatzaileek. Beraz, adi iragarpenei.