Fotogramas aldizkariak Urteurreneko Zilarrezko Fotogramas Sari Berezia eman dio Donostia Zinemaldiari. Jose Luis Rebordinos zuzendariak jaso zuen golardoa, iragan astean, Madrilgo Eslava antzokian ospatutako ekitaldian.

Argazkia: © Ana Ruiz / Fotogramas / Hearst Studio
Donostia Zinemaldiaren ikuspegi ireki, berritzaile eta ikusbera nabarmendu dituzte Fotogramas aldizkariaren arduradunek 70. edizioa ospatuko duen jaialdia saritzeko arrazoien artean. Madrilgo Eslava aretoan banatu zituzten sari sorta horretan, golardo sortu berria jaso zuen Jose Luis Rebordinos zuzendariak, Urteurreneko Zilarrezko Fotogramas Sari Berezia, Zinemaldiaren ibilbide osoa aintzatetsiko duena.
Aldiz, tankerako hedabideek zinema-jaialdiei ematen dieten babes handia nabarmendu zuen Rebordinosek saria eskertzeko unean: “Sari hau 70 urtez, lanaren lanaz, Zinemaldia posible egin duten pertsona horiena guztiena da, baina baita gaur hemen zaudeten guztiena ere. Izan ere, Zinemaldiarentzat ezinbestekoak dira Espainiako zinema-industria eta hedabideak. Zinema-jaialdi guztiek, guzti-guztiek, behar dute industriaren eta hedabideen babesa, bestela ez lirateke existituko eta ez lukete zentzurik izango”. Halaber, hilero-hilero aldizkaria ireki eta munduko hamaika tokitatik iritsitako film eta estreinaldiekin ilusionatzen hazi den belaunaldi horretako kidea dela gogoratu zuen.