Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka abiapuntu duen Tranchées (Loup Bureau) pantailaratu aurreko egunetan ezagutu dugu Mariupoletik ihesi zebilen Mantas Kvedaravičius zinemagile lituaniarra hil dutela. 2016an Berlingo zinema jaialdian gerra-gunea hizpide izan zuen Mariupolis dokumentala estreinatu zuen, eta hain zuzen ere, hirian bertan izan da azken asteetan, errusiar inbasioaren testigantza zuzena emateko asmoz irudiak filmatzen.

Iaz, David Beriain eta Roberto Fraile kazetari euskal herritarrak Burkina Fason erail zituztela jakin berritan egin bezala, omenaldi xumea egin zaio Victoria Eugenia Antzokian Kvedaravičiusi. 2011an Barzakh dokumentalarekin parte hartu zuen Giza Eskubideen Zinemaldian, eta haren heriotza salatzeko tartea hartu du festibalak.

Trenches-Giza Eskubideen Zinemaldia-zinea

Esan bezala, Tranchées lanak itxi du 19. edizioko sail ofiziala, soldadu ukrainarren lubakietako eguneroko jardunean murgilduko gaituen lana. Veneziako Mostran estreinatu zuen gerra-kazetari frantziarra denak iragan irailean bere opera prima, zuri-beltzean eta formatu akademikoan (4:3) errodatutako injerentzia errealista.

Irakurketa errazegia eta azalekoa litzateke nolabaiteko zerikusirik duten Paths of Glory (1957) eta 1917 (2019) filmekin lotura zuzena egitea, Bureauren ekoizpenak bestelako ildo bat jorratzen baitu. Gerraren inguruko gogoeta aristoteliko-moral sakona planteatu zuen Stanley Kubrickek erreferentziazko klasikoa den aurrenekoan; artifizio estetiko baina hutsala da Sam Mendesen proposamen garaikidea. Aldiz, epika militarraren b aldea, soldadu kondizioaren deuseztapena, eta ordainekoz, zibil izaera inpertsonalaren aldarri argia da Tranchées.

Berdin zaigu ukrainarrak edo errusiarrak izan, zinemagileak ez du posizionamendu identitario edo politikorik hartuko, gerra bera da gaia, eta bereziki, armak hartuta nazioa defendatzera frontera joan diren peoien bizikidetza. Mario Saavedra El Periódico de Españako goi mailako kazetari eta nazioarteko informazioan espezializatuak emanaldiaren osteko solasaldian adierazi bezala, “haurtzaindegi bat dirudi, ez dakite benetan non dauden. Aspertuta daude, lubakietan bizitza horrelakoa baita, akzioa iristen den arte”. Eta ikusiko ditugu bideo-jokoetara jolasten, denbora nola pasa ez dakitela, mugikorretik begiak aldendu ezinik. Hitza hartu duen Asier Blas Mendoza UPV/EHUko Politika Zientzia eta Administrazio Saileko katedradunak, bere aldetik, azpimarratu du filmak azalean uzten duela “gerra orotan gertatu bezala, emakumeek apenas dutela zilegitasunik gizonezkoena zen eta den mundu horretan: erizainak dira, lubakietatik urrun daudenak, eta egotekotan, soldaduen irain eta komentario matxistak jasan behar dituzte”.

2022ko otsailaren 24an erabaki zuen Vladimir Putinek 2014an hasitako gerra dimentsioz aldatzea. Errusiak Krimeako Errepublika eta Sebastopol anexionatu ostean, ordutik Donbass eskualdean izan diren etengabeko tirabirek hor jarraitzen dute, baina gatazka armatua Ukraina osora zabaldu da, nazioarteko agente politiko ia guztien esku-sartzea medio. Inork gutxik espero zuen inbasioak, nolabait, zaharkitu egin du Tranchées filma; Bureauk erretratatutako “lasaitasun faltsua” azalberritu egin da. Baina balio du, asko gainera, XXI. mendeko Europan piztu den lehen gerraren sustraiak ulertzeko; historia etegabe errepikatzen den gertaera-multzoak osatzen duela jabetzeko, eta galtzaileak, subjektu zaurgarrienak, beti, agintarien interes geopolitiko-ekonomikoetatik aldentzen diren (militar bilakatutako) zibil engainatuak direla gogorarazteko.