Ikus-entzunezko proiektuak —fikzioa, animazioa, dokumentalak nahiz telesailak— garatu zein ekoizteko, eta gidoiak idazteko 2022 urteko diru-laguntzen deialdi publikoa argitaratu berri du Gasteizko Udalak.

Gasteiz-dirulaguntzak 2022

Tokiko ikus-entzunezkoaren sektoreko profesionalen sormena eta jarduna bultzatzea du helburu deialdiak, norgehiagokaren araubidean, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ekoizpena sustatzea. Hiru laguntza-adar berezi dituzte, eta bakoitzaren oinarri eta baldintza propioetara egokitu beharko da eskatzailea:

  1. Zinema, telebista edota euskarri digitaletarako proiektuen ekoizpena (50.000€)
  2. Film laburren ekoizpena (40.000€)
  3. Gidoien idazketa (10.000€)

Eskaerak aintzat hartzeko, eskatzaileak Gasteizen izan behar ditu egoitza sozial edo fiskalak, eta, eguneraturik izan beharko ditu Gizarte Segurantzarekiko zein Zerga Sistemarekiko betebeharrak. Halaber, laguntza-adarren bateraezintasuna jaso dute oinarriek. Hau da, proiektu berak ezingo ditu ekoizpenerako eta gidoien idazketarako laguntzak eskuratu. Horrez gain, oinarriek zehaztu dute profesional bakoitzak lau proiektu aurkeztu ahalko dituela gehienez.

Halaber, banatutako diru kopuru gehiengoak ezingo du diruz lagundu daitezkeen gastuen %50a gainditu, eta 10.000€koa izango da gehienez ere. Gainera, aurrekontu orokorraren %20a baino ezingo du estali. Ordainketa bi zatitan egingo dute: kopuru osoaren %80a hasieran, eta gainerako %20a zuriketa egiterakoan.

20 egun baliodunekoa izango da (apirilaren 26ra arte) eskabideak aurkezteko epea, deialdiaren laburpena Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen den egunaren biharamunetik.

Zuen proiektuak prestatzeko, irakurri aurtengo OINARRIAK.