Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako Bost teilatu film laburren bildumaren aurre-estreinaldia egin zuten Leitzan, iragan martxoaren 31n. Adabakik ekoitzi du eta bost film labur barnebiltzen ditu: Krak (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola), Arnasa (Raul Barreras), Hitzak (Josu Martinez), Erlojupekoa (Leire Egaña) eta Muga (Eñaut Castagnet).

2020an jaiotako ekimena da Geuretik Sortuak kultur proiektua. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi baitzuen osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean. Egoera hori iraultzeko asmoz, ekimen berri hau  jarri zuen abian Udalbiltzak, kultur sorkuntzak zabaltzerako orduan aliaturik garrantzitsuenak diren udalerriei protagonismoa emanez. Hala, lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, 25-30 udalerri hautatu zituzten proiektuen sormen laborategi eta eszenatoki bilakatzeko.

Proiektua lau fasetan garatu dute. Lehenengo aldia 2020ko irailetik abendura garatu zuten, eta herrien artean elkarlana sustatu eta ekimenarekin bat egiteko aldia izan zen. Proiektuak jasotzeko deialdi publikoa zabalduz eman zioten hasiera bigarren faseari, 2021ko urtarrilean: Zinemagile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdia otsailaren 5era bitarte egon zen zabalik, eta eskaeren artean aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta egokitzeko gaitasuna baloratuko zirela iragarri zuten. Udalbiltzako ordezkariek kulturgile bekadunak hautatu zituzten, eta haietako bakoitzari herri edo herri-multzo bat esleitu zitzaion, literatur lan bat, antzezlan bat ala film labur bat garatu ahal izateko. Hiru astera bitarteko egonaldiak izan ziren.

26 izan ziren, orotara, programan parte hartzeko hautatuak izan ziren artistak: 16 idazle, 5 zinemagile eta 5 antzerki konpainia. Zinemari dagokionez, Raul Barrerasek (Hernanin), Josu Martinezek (Baigorrin), Leire Egañak (Galdakaon), Kamikaz kolektiboak (Tafallan) eta Eñaut Castagnetek (Beran eta Lesakan) osatu zuten zerrenda.

Bada, horien guztien lanaren fruituak batzetik jaio da Bost Teilatu film kolektiboa. Filmak 80 minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan errodatu da, Raul Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako Muga Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da Krak, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator Arnasa (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorren antzezpen bikainarekin. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz.

Josu Martinezen Hitzak (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan Bost teilatu bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Bira Produkzioak taldeko Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa dator ondoren: umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.

Azken laburra da Muga; Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Espainiako estatutik Frantziarako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean (Lesakan) gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

Datozen emanaldiak

Aurre-estreinaldi saio berezia egin zuten Leitzan iragan martxoaren 31an, eta Geuretik Sortuak-en parte hartu duten gainerko udalerrietan egongo da ikusgai apiriletik aurrera, eta bakoitzean zinegile batek bere esperientzia kontatuko du. Udalbiltzaren agendan edota sare sozialetan kontsulta daitezke data guztiak