Euskal ekoizpenak gero eta garrantzia gehiago ari dira hartzen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, eta aurtengo 19. edizioa da gorakadaren erakusgarri. Euskara hutsez filmatutako lanak tantaka iristen bazaizkigu ere, bertoko zinemagile eta sortzaileek badute sentsibilitatea euskal herritarroi eragiten diguten auziei heltzeko. 2021eko ekitaldian Apaiz kartzela eta Aita Mari filmek ordezkatu zuten sail ofizialean lurraldeko zinemagintza. 2022an, erbestea eta erresilientzia gaitzat duen Helena Bengoetxea zinemagile nafarraren Matrioskas. Las niñas de la guerra dokumentalarekin batera, Norte salvaje (Paula Iglesias, Marta Gomez eta Ana Serna) eta Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi (Jesus Lacorte) -azken hau lehiaz kanpo- lanek hartu dute, film luzeei dagokienez, lekukoa. Azken honen aurretik, Zineuskadik 2020an abiatutako Itxitik proiektuaren parte den Kinka (Maider Oleaga) film laburra proiektatu dute ere, ZINEBI 63n estreinatzetik datorrena.

Giza Eskubideen Zinemaldia-Norte salvaje-zineaZehar-Errefuxiatuekin elkarteak aurrera eramandako ikerketa bat abiapuntu hartuta, Iglesiasek, Gomezek eta Sernak ikus-entzunezko hizkuntzara ekarri dute milaka hitzek osatutako txostena. Mugak, etorkinen joan-etorriak eta erbestea izan dituzte gogoeta-gai, Norte salvaje dokumental sozialean. Euskal Herria zatikatzen duen Bidasoa ibaia eta Mexiko eta AEBak banatzen dituen harresia maila berean jarri dituzte, elkarren zerikusirik asko dutela defendatuz. Ikusezina -kontzeptuala- zein hormigoizkoa -fisikoa- izan, batetik bestera libreki igarotzea pribilegio kontua da: batzuentzat, tramite huts bat; beren bizitza arriskuan jar dezakeen desesperaziozko erabaki bat, besteentzat.

Bi ez-toki fantasmagoriko, bi testuinguru, baina errealitate bera. Irundik Hendaiara -eta ondoren Baiona, Paris edota Frantzia iparraldera- zein Tijuanatik AEBetara, gerratik edo miseriatik ihesi bizimodu duinaren bila joaneko bidaia egin nahi duten herritarrengan jarriko du Norte salvajek fokua. Estetikoki aberatsa eta erakargarria, testigantzen monotonia hautseko hitzezko zein irudi bidezko hausnarketa mamitsuak tartekatu dituzte sortzaileek. Errespetuz, horiek gehiegi erakutsi gabe, hau da, distantzia hartuz, bakoitzaren drama pertsonalean sakondu gabe. Gomez filmaren zinemagileak iritzi bezala, emozio-eragile morboso erraza, negar-malkoa, bilatzen dutenek telebista piztu eta albistegiak jarri besterik ez dute egin behar. Alabaina, filmaren egitura orokorrak badu ahulgune bat, loturak ondo definituak geratzen ez direla. Bi mugen arteko joan-etorriak bloke handietan daude banatuta, eta kontaketaren puzzle armoniatsua beharko lukeena oztopatzen du horien jorratze aldenduak.

Bestetik, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren babespean aurkeztu du Lacorte zinemagile kanariarrak Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi ekoizpena. 1937ko martxoaren 5ean Matxitxako lurmuturrean izandako itsaso-borroka du hizpide: Espainiako Guda Zibilean, eratu berri zen Eusko Jaurlaritzak, Aguirre lehendakaria buru, Euzkadiko Itsas Armada Laguntzailea sortu zuen Kantauri itsasoa eta bertan zebiltzan merkantzia-ontziak defendatzeko, baina bando nazionaleko Canarias ontziarekin topo egin eta sarraskia eragin zuen enkontruak.

Kontatu ez ahaztea, ezagutzara eman, gaur egungo gazteek eta belaunaldi berriek ikertzen jarrai dezaten. Horixe, filmaren intentzio bideratua. Proiektuak helburu didaktikoa izanik, informazio andana eskainiko zaio ikus-entzuleari, noizbehinka nekeza ere bilakatuz. Testu gehiegi pantailan, Cecil Day-Lewisek -Oscar sariduna den Danil aktorearen aitak- idatzitako El Nabarra poesia luzea barne.

Matxitxako GEZ-zinea

Argazkia: Giza Eskubideen Zinemaldia

Halere, garaiko artxibo grafiko falta izugarriak baldintzatuta (sutan dagoen El Gipuzkoa bouaren argazki bat baino ez da erreskatatu), zuloa animaziozko irudiek bete dute, Serrullak konposatutako soinu bandarekin eta Bermeoko Arrantzaleen koruaren parte hartzearekin batera, boluntario horien epika kontaketa modu bisual eta sentikorrean helarazteko. Ikuska bildumako pasarteak, Juan Pardo San Gil historialariak bizi zen artean batutako dokumentazio amaigabeak eta bou haietan izan ziren gizonen eta horien senideen testigantzek osatu dute ordubete eskas irauten duen lana. Irregularra forma aldetik, baina beharrezkoa historiografikoki.

Proiektua herri ekimen bidez, crowfounding kanpaina bidez, atera dute aurrera, eta Victoria Eugenian izan dira ekarpena egin duten asko. Oihane Pardok (Juan Pardo zenaren alaba eta lanaren ekoizlea) emanaldiaren osteko solasaldian, emozioz beteta, aitortu bezala, “antzokia lepo beteta ikustea eta istorioa ezagutzen ez zutenei gertatutakoaren berri ematea nahikoa da geneukan helburua bete dela baieztatzeko”.