Aste Santua tarteko, ohi baino egitarau xumeagoa atondu dute Kresala Zineklub donostiarreko lagunek apirilerako. Atera agendak eta gorde datozen asteetarako hitzordu berriak.

Astebeteko atsedena hartuta, apirilaren 12an egingo dute lehena: ¿Qué hicimos mal? (Liliana Torres, 2021) filma emango dute, zuzendaria beraren aurkezpenaz eta azalpenez lagunduta. Harekin batera,  ildo autobiografikoa duen istorioaren argilunak ezagutuko ditu Trueba aretora bertaratuko den publikoak.

.

Apirilaren 19an, aldiz, jarraipena emango diote  Robert Bresson zuzendariari eskainitako atzera begirakoari. Lancelot du Lac (1974) da hitzordu honetarako hautatu duten lanak, Arturo Erregea eta Cameloten istorioaren ikus-entzunezko moldaketa.

.

Apirilaren 26an, gaurkotasunaren erdigunean dagoen Ukrainara bidaiatzeko aukera izango du publikoak. Izan ere, Valentyn Vasyanovych zuzendariak Ukraniaren gainean sortutako Atlantis (2019) erretratua izango da ikusgai.

.

Aste horretan egingo dute ere Bagera Zineforumaren hitzorua, hilaren 28an. Bada, euskarazko filmei eskainitako saio honek bi euskal film labur izango ditu protagonista: Tenpraren guarpena (Idoia Lahidalga Baglietto eta Oihane Puertas Ramirez 2021) eta Araxesen gainetik, Malloen azpitik (Arantxa Mikeo, 2021). Proiekzioen ostean, solasaldia egingo dute bi film laburren zuzendariekin.

.

Maiatzeko lehena, berezia

Apirileko emanaldiekin batera, maiatzeko egitarauari hasiera emango dion saioaren xehetasunak iragarri dituzte ere. Ekitaldi berezia izango da, Flipesci Sarien 10. Urteurrenaren ospakizunaren baitakoa. Bada, Shame (Steve McQueen, 2011) filmaren emanaldi berezia eskainiko dute, Principe aretoan, Nacho Rodriguez, Jon Paul Arroyo eta Sandra Roza Fiplesciko kideen aurkezpenarekin.

Sarrerak eskuragai daude Kresala Zineklubaren atarian, baita informazio osagarria ere.