Martxa onean da 19. Giza Eskubideen Zinemaldia. Lehenengo lehiaketa egunak igarota, apirilaren 8ra bitartean programatutako azken filmak hasi dira erakusten sail ofizialean. Errefuxiatuak, memoria historikoa edota kazetaritza eta ikerketa protagonista izan ostean, ohiko gaietatik aldentzen diren bi film berezi ikusteko parada izan dugu.

American Honey (2016) filmak eman zion nazioartean ospea Andrea Arnold britainiarrari. Familia utzi eta bizimodu askea defendatuko duen neska-mutil talde bati batuko zaion nerabe bati jarraiki, AEBetako gazteriaren erretratua egin zuen zinemagileak, haren aurpegira kamera itsatsita, ia hiru orduko coming of age agoniakoa proposatuz. Ezer gutxi jakin dugu azken urteotan Arnoldi buruz, haren ekoizpenik ez baita estreinatu harrezkero; baina itzuli da, eta nola gainera. Proiektu harrigarria erakutsi du Donostian -Sevillako zinema jaialdian saridun izatetik dator-, bere estilo bizia muturrera eramanez.

Luma du Cow lanak protagonista, eta ez, ez gabiltza txantxetan, behi bat da. Lau urtez izan da haren itzala, zentimetro erdi ere ez da aberearengandik urrundu. Filma daiteke animalia bat pertsona bat balitz bezala? Iritsi gaitezke hura ulertzera, harekin identifikatzera? Ordu t’erdiz metro t’erdi behereagotik hautemango dugu bizitza, eta bai, konturatuko gara izaki esplotatuak direla.

Disney eta animaziozko ekoizpen askok egin ez bezala, erromantizismorik gabeko hurbilketa errealista eta gordina du helburu Cow-k, animalien eta gizakien -eta naturaren- arteko harremanaren mugak aztertuz. Aurrenekoen eskubideak eta bizi-kalitatea errespetatzeak badakar bigarrenon duintasunean eraginik. Horregatik, Luma esne-behiaren egunerokoa ederkeriarik barik erakusteak badu zentzua, nahiz eta abeltzaintza ustiategi handietan kamerak sartzen diren bakoitzean horien bizi-baldintzek hobera egin ohi duten modu susmagarrian. Diskurtsoaren egiazkotasunak sor ditzake zalantzak zentzu horretan, baina azalean uzten du animalien ustiaketa sistematikoak ere baduela gure bizi-kalitate eta eskubideekin lotura, erregulatu eta aztertu beharreko auzia dela.

Cow giza eskubideen zinemaldia-zinea

Bestalde, hiri-arkitektura eta eguneroko bizitzaren inguruko dokumental transbertsala aurkeztu dute Maxime Faure eta Adam W. Pugliese zinemagile frantziarrek Victoria Eugenia Antzokian: Les Insulaires. Suitzako mugatik oso gertu dagoen etxebizitza sozialen barruti batean emandako 3 hilabeteko egonaldia 60 minutu eskasetan laburtu dute. Iraupen aldetik kontzentratua bada ere, bertan erakutsiko duten errealitateak elkar elikatzen diren askotariko gogoetak ezkutatzen ditu.

257 familia etxez aldatzera behartuko dituzte, eta agintarien erabakia finkoa denez, atzera bueltarik ez duen zurrunbilo burokratiko batean etsituta ezagutuko ditugu bizilagunak. Migrazio uholdeak eta hirietako gentrifikazioa saihesteko propio eraikitako auzo -uharte- horietako bateko biztanle dira, komunitate izaera sendoa dute, eta erabakia sinetsi ezinik, prest dira etxeko ateak ireki eta munduari egoeraren berri emateko. Lau pareten artean filmatuko ditu Faure eta W. Pugliese sortzaileek nahi ez duten bizitza berri bati hasiera ematear diren familiak. Hartu-eman klaustrofobikoa eta itoa da dokumentalak iradokitzen duena, leihoa, arnasgunea, ere kontra baitute: garabiak nonahi, urte luzez sortutako harremanak eta bizikidetza haustera datozenak.

Ez da praktika berria gobernu eta agintariek aurrera eramandako hau. Jon Aguirre Such Paisaje Transversal – Hiri Plangintza Integraleko Bulegoaren bazkide sortzaileak eta arkitekto-hirigileak emanaldiaren osteko solasaldian argitu legez, 50eko hamarkadaz geroztik errepikatu eta garatu den joera izan da: “Espekulazio urbanistikoak eragin du etengabe auzoak eraistea etxebizitza berriak -asko turistikoak- eraikitzeko”. Eta ez da urruneko kontu bat, Aitziber Molinuevo Errekaleor auzoko kideak ohartarazi bezala, Euskal Herrian ere baditugulako adibide historikoak, Gasteizko auzo autogestionatua kasu.

Hala, Les Insulaires filmak badu posizionamendu argi bat, antikoloniala, eta elkarkidetzaren aldekoa. Aldebakarreko erabaki administratibo apelaezin eta bertikalak salatzera datoz zinemagileak, beraien etorkizunaren jabe izateko aukera deuseztatu zaienei ahotsa emanez. Herritarrak entzun eta auzoak, barrutiak, hiriak elkarrekin eraikitzeko -biziberritzeko- aldarria da proiektua.