Euskarara bikoiztuko duen aurreneko filma zein izango den jakinarazi du Netflixek. Plataformak uztailaren 8an estreinatuko du The Sea Beast animaziozko filma, eta euskaraz gain, galegoz eta katalanez ere egongo da ikusgai.

the-sea-beast-netflix-zinea

BERRIA egunkariak aurreratu duenez, Bilboko Mixer enpresa ari da The Sea Beast animaziozko filmaren bikoizketaz arduratzen, eta dagoeneko, trailerra eman dute ezagutzara. Disney etxean urte luzez aritutako Chris Williams sortzailea da zuzendaria, eta 2018tik ari da proiektuan lanean. Mulan, Viana, Bolt edota Big Hero 6 ekoizpenetan parte hartu du aurretik.

Williamsek uztailaren 8an estreinatuko duen animaziozko pelikula Euskal Herriko zazpi lurraldeetako Netflixeko katalogoan egongo da barneratua, euskarara ekarria, baina baita galegoz eta katalanez ere. Hala, plataformak 2022ko martxoan aurreratutako iragarpena elikatuko du. Euskarazko, galegozko eta katalanezko 70 ikus-entzunezko gehituko dituztela zabaldu zuten, 200 ordu azpititulatuta, eta haurrentzako edukiei dagokienez, 20 bat ordu bikoiztuta.

Duela aste batzuk D’Ortagnan eta hiru mosketxakurrak ahalbidetu zuen Netflixek Hego Euskal Herrian, baina The Sea Beast izango da euskarara ekarritakoen artean estreinatuko duten Netflixeko lehen ekoizpen propioa. Albistea jakin eta berehala iritsi dira erantzunak. Netflix Euskaraz taldeko Eñaut Zearrak BERRIAri adierazi dio “euskararentzat erabat itxia zirudien esparru batean zirrikitu bat ireki” dela, baina egoera objektiboki aztertuta ohartarazi du “iragarritakoa anekdotikoa dela oraingoz, ez dela inondik ere nahikoa plataformetan euskararen presentziarik ezari buelta emateko”. Euskalgintzaren Kontseiluak azkeneko hilabeteetan egindako lana goraipatu du ere.

Pantailak Euskaraz taldeak ere “aurrerapauso bat” dela iritzi du, “baina ez nahikoa”. Netflix plataformaren delegazioak martxoan egindako iragarpena positibo baloratu zuen ere, jarraian ateratako komunikatuan azpimarratu zuten “%0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako”.