Zabalik da Lau Haizetara XVIII Dokumentalen Koprodukzio Foroaren deialdia. Ekoizleek ekainaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak eta Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren baitan, irailaren 19tik 21era, ospatuko da hitzordua.
Dokumental baten proiektua lantzen ari diren eta harentzako Europar koproukzioa bilatu nahi duten ekoizle independenteei zuzendutako deialdia da honakoa. Izan ere, IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, Foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza.
Foroak hiru atal nagusi ditu: Tailerrak, pitching saioak eta banakako bilerak.
Tailerrak prestakuntza-jarduerak dira, eta foroaren aurreko bi egunetan egiten dira. Ekoizleei aukera eskaintzen diete proiektuak aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko; proiektu horietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna egokiak eskainiko dituzte aditu horiek.
Pitching saioa, aldiz, irailaren 21ean ospatuko da, goizez, Kursaal Jauregian. Bertan produktoreek beren proiektuak azalduko dituzte Commissioning Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean. Saio horietan, gaian aditua den moderatzaile bat izango da, eta aldibereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da. Proiektuak gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu ahal izango dira eta proiektu bakoitza 7 minutuan aurkeztu beharko da (teaserra barne).
Halaber, egun berean, Comissioning Editoreen eta aurkeztutako proiektuen ordezkarien arteko one-to-one bileren agenda batekin osatuko da programa, betiere sor daitezkeen lankidetza-akordioak zehazteko helburuarekin.
Amaitzeko, jakinarazi dute programazioarekin batera beste hainbat jarduera egingo direla jendea Europako errealitate zinematografikoari eta kulturalari hurbiltzeko asmoarekin. Adi, beraz, iragarpen berriei!
Deialdiaren info. zabalagoa, hemen.