Euriak eta haizeak agur esan badigute ere, tenperaturek ez dute igotzeko joerarik izan azken egunotan. Hotza nagusi da kanpoan, aitzakia paregabea Victoria Eugenia Antzokira hurbildu eta 19. Giza Eskubideen Zinemaldiaz gozatzeko. Kazetaritza eta ikerketa-lana abiapuntu izan dituzten bi lan ikusteko parada izan dugu, bata zein bestea, nazioartean zeresana eman duten jazoera polemikoen inguruan ardaztuak, gobernuak kolokan jartzeko ahalmena izan dutenak, eta zentzuratuak izateko bidean direnak.
Asko dira Kuban kokatutako Guantanamo espetxeari buruz egin diren dokumentalak. Jakina da torturak eguneroko bazka zituztela bertako presoek, eta isiltasun instituzionalak goragalea eragiten digula. Nazioarteko zuzenbideko krimenak salatu ditu behin eta berriz Amnesty Internazionalak, eta Donostian ikusgai egon den In Seach of Monsters lanak du ardatz, Mohamedou Slahi mauritaniarraren kasua aztertuz. 14 urtez izan zuten giltzaperatuta, Al Qaeda talde terroristarekin izandako harremanaren ondorioz, eta batez ere, 2001eko irailaren 11ko atentatuetan parte hartzea egotzita. Epaiketarik ez, kargu argi eta justifikaturik ere ez. Halere, zigorra. Itxialdi beldurgarriari hizpide zuen egunerokoa argitaratzea lortu zuen, eta hura oinarri hartuz, Jodie Foster, Tahar Rahim eta Benedict Cumberbatch aktore ezagunen parte hartzea duen The Mauritanian filma zuzendu berri du Kevin Macdonaldek.
Anekdotikoa badirudi ere, aipatutako pelikularen ekoizpenak eragin zuzena du In Seach of Monsters lanean, honen norabidea, zentzua, eta elkarrizketatu dituzten Guantanamo espetxeko guardia eta zaintzaileen jarrera eta jokamoldea birdefinituko baititu. 2016an utzi zuen AEBetako gobernuak aske Slahi, eta berehala jarri zen harremanetan bere kasua gertutik jarraitu zuen John Goetz kazetariarekin. Zertarako? Torturatu zuten horiek aurkitu eta kikara bat Te hartu bitartean hizketalditxoa izateko. Horixe dokumentalaren abiapuntua, torturatzaile eta torturatuen arteko hartu-emana helburu, batzuen zein besteen ikuskerari toki egitea.
Formak baino, testigantzek dute indarra: errugabea/biktima al da, eta ondorioz, bahitua izan al zen mauritaniarra, ala benetan izan zuen zerikusirik AEBen historian izan den eraso bortitzenean? Batetik bestera eramango gaitu Goetzek, ikerketa-dokumental itxurako lan ausart bezain ziniko honetan. Ez dugu egia absolutua jakiterik izango, kazetariak ez baitu epaile lanik egingo; bitartekaria da, hitz egiten, utziko die batari zein besteei, eta kamera aurreko agerraldiak norberekeriaz nola aprobetxatuko duten ikusiko du.
Ez da harritzekoa itsasoz bestaldean berau pantailaratzea debekatu izana, beldur dira, Guantanamoko “proiektu bereziak” izeneko talde espezializatuko funtzionarioak Slahirekin hizketan, lagunkoi, azaltzeak estatuaren ohore eta duintasunari egiten baitio kalte. Are gehiago, hasiera batean enkontruetan parte hartzeko ideiari uko egin, baina The Mauritaian-en berehalako estreinaldiaren erruz 14 urte preso emandakoaren kasua mediatiko bihurtzean, eta fikziozko filmean pertsonai izan daitezkeelakoan -haietaz emango den irudia zein den jakin gabe-, iritziz aldatu eta proposamena onartuko dutenean. Proiekzioaren ostean -bertaratutakoak gutxi batzuk izan baziren ere-, txalo zaparrada itzela.
Bitartekari izatetik subjektu aktibo-politiko izatera pasako da kamera, aldiz, Behind the Headlines (Daniel Andreas Sager) dokumentalean. Ezagunak ditugu, eta miresten ditugu, All the President’s Men (Alan J. Pakula, 1976), Spotlight (Tom McCarthy, 2015), The Post (Steven Spielberg, 2017), eta beharbada gutxiago, baina errepresentatiboa ere izan daitekeen, The Newsroom (Aaron Sorkin, 2012-2014) telesaila. Bada, multzo berean sar genezake aztergai dugun ekoizpena. Hori bai, aipatutako fikziozko lan horiek erakusten duten epika heroiko tranpatirik gabe!
Süddeutsche Zeitung egunkari alemaniarreko Bastian Obermayer eta Frederik Obermaier kazetarien ikerketa jarraituko du dokumentalak, aurrenezkoz, ezer ezkutatu gabe, bertatik bertara, eguneroko emarien agindupean. Panamako Paperen kasu polemikoak eztanda egin ostean, laguna duten Maltako Daphne Caruana Galizia lankidea bonba-auto batez hilko dutela ezagutuko dute, eta herrialdera joango dira gertaera aztertzera, baina ezustean, informante ezezagun batek Austriako gobernua kolokan jar dezakeen bideo sekretu bat bidaliko die. Berriro diot, ez da fikzioa, bat-batekotasunak eragindako jardun gardena baizik.
Ofizioaren seriotasuna eta zilegitasuna du aldarri Behind the Headlines dokumentalak. “We want people kwno that if they kill a journalist, their story will attract more attention, not less”, entzungo diegu Süddeutsche Zeitung egunkariko kazetariei, amorruz baino duintasunez, esaten. Hala, Andreas Sager zinemagilearen kamera arma politikoa da, informazioaren profesionalak eta ikus-entzuleak lehenetsiko dituena -interes orokorra helduleku-, eta aldi berean, estatu demokratikoek defendatzen duten prentsa askatasunaren zaurgarritasuna biluzten duena. Fact checking eta fake news delakoak denon ahotan dauden honetan, idatzitako hitz bakoitzaren egiatasuna baieztatzeak eta kontrastatzeak -informazio iturrien erabilpen zintzoak- eskatzen duen lan arkitektonikoa eta buruhauste legalen aurreikuspenak egiten dio ohore lanbideari, baita Behind the Headlines dokumentalari ere.