SADE programatzaileak ohiko programazio eredua berrartuko du 2022an. Principe, Antiguo Berri eta Trueba aretoetan aurreikusita dauden ziklo iraunkorrez gain, datozen hilabeteetarako ziklo berezi batzuk itxi dituzte, baita kontzertuen proiekzioak eta hainbat gizarte-talderi eskainitako saioak ere.
Pandemia hilabete gogor batzuen ostean, ekiteko gogoz berrartu dute beren jarduna Donostiako zinema-programazioaren gehiengoa kudeatzen duen SADE enpresaren arduradunek. Aurkeztu dute 2022ko lan ildoa, eta apustu guztiz sendoa izan dadin, zinemazaleek aretoetara joaten jarraitzeko deia luzatu dute, “zazpigarren arteaz gozatzeko lekurik onena” eskaintzen baitute.
Konpromisoa argia da; zinema independentearen nagusitasunari eutsiko dion programazioan eta jatorrizko bertsioen presentziaren gorakadan islatuko da hori. Izan ere, Principek eta Antiguo Berrik JBAES saioen proiekzioen kopurua handituko dute beren aretoetan. Gaur egun, jatorrizko bertsioan proiektatzen dituztenak film guztien % 40a dira Principen, eta ehuneko hori % 70era iristen da Trueban.
Halaber, SADEk euskarazko zinema proiektatzearen aldeko apustuari eutsiko dio 2022an, ekoizpen horiei laguntzeko kanpaina guztietan parte hartuko baitu, hala nola Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Zinema Euskaraz edo Zinemazale Berriak ekimenetan. Egile-zinemari eta Europako zinemari eman dieten babesaren adierazgarri gisa, SADE Zinemek programatutako saio guztietatik % 56 Europako ekoizpenei dagozkienak dira.
Bestalde, aurten, SADEk ziklo iraunkorrak izango ditu. Lehenengoa Musiclassic, urte osoan zehar zuzenean eta diferituan transmititzen den opera eta ballet sorta. Bigarren ziklo iraunkorra, Principeren Klasikoak, astelehenetan garatuko da eta hainbat garaitako film mitikoak gogoratzeko edo berraurkitzeko aukera eskainiko du. Amaitzeko, ostegunetan, arte-proiekzioak izango dira nagusi Trueba zineman; artista eta mugimendu ezberdinei buruzko 15 dokumental inguru izango dira ikusgai.
Horrekin batera, SADEren kultura-jarduera zenbait ziklo berezirekin osatuko da; besteak beste, ITE Cinemas-ekin, Europa Cinemas-ekin eta Estatuko beste zazpi zinema-aretorekin lankidetzan aritzeko proiektua; Nouvelle Vague, film laburren eta Europako zinema-proiekzioan nabarmendu ziren artisten film argitaragabeen zikloarekin; Cannesko Jaialdiaren 75. Urteurrena ospatuko duen mostrarekin, zeina Trueban egingo den maiatzean Urrezko Palma irabazi duten bost filmen proiekzioarekin; edota, azkenik, mendiko filmei eskainitako ziklo berri batekin.
Artista eta taldeen zuzeneko kontzertuen proiekzioak dira ikus-entzuleek gehien atsegin dituzten gaietako batzuk, eta horretan ere jardungo dute: SADEren hiru zinema-aretoetako pantailetan Pearl Jam, BTS Permission to Dance, ColdPlay, Jon Bon Jovi Encore Nights, Bruce Springsteen Western Stars, Prince eta musika munduko beste izen handi batzuen emanaldiak ikusi ahal izan dira.
Hainbat jaialdi eta ekimenen aterpe
Urteko ekintzarik garrantzitsuenetako bat Donostia Zinemaldia da. Ekitaldiak irauten dituen iraileko bederatzi egunetan SADE zinemetako areto guztiak Zinemaldiko proiekzioetarako erabiliko dira.
Era berean, SADE Cines beste jaialdi batzuen ohiko egoitza ere bada, hala nola Dock of the Bay (zinema dokumental musikaleko emanaldiekin), Begiradak (Ikertze kultur elkartearekin lankidetzan) eta Kresala ZineKluba. Sade Zinemek ere Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartzen dute emanaldi bereziekin.
2022rako aurreikusitako egutegiak ere osagai sozial garrantzitsua du; izan ere, SADEren zinema-aretoek akordio bereziak dituzte Agifesekin (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako elkartea), Gautenarekin (Gipuzkoako Autismo Elkartea), Eragin kultura-elkartearekin eta Donostiako hainbat merkatari-elkarterekin, talde horien arazoaz sentsibilizatzea helburu duten proiekzioetan parte hartzeko.