Kanpoan hotza, barruan bihotza. Udaberriko eguzki-izpi eta lore-usain gustagarrien susmorik ez, aurten, apirileko lehen egunetan. Beroki, bufanda, mukizapi eta eztul artean ekin dio 2022ko Giza Eskubideen Zinemaldiak, iragan ostiralean: euria, ekaitza, haizea, iluntasuna, tristura… agur esan berri diogun baina oraindik ere tentuz begiratzen digun neguaren mehatxuak kolpatu du Donostia.
Ez da giro izan Urumea inguruan, bai ordea, Victoria Eugenia Antzokian. Zinemaren festa hasi da hirian, munduko errealitate anitzen bozgorailu da beste behin, eta iritzi zinikoa izan badaiteke ere, eguraldia izan du lagun. Hilaren 1ean ospatu dute 19. edizioko irekiera-ekitaldia, eta iaz ez bezala, ez da besaulkirik hutsik izan. Urruneko kontua dugu COVID19a, hala uste dugu, egoera lasaitu da, besarkadak bueltan dira, baina hori bai, irribarreak ezagutzearena hurrengo urterako utzi beharko dugu. Hala espero!
2021eko Oscar sarien ekitaldian nazioarteko film onenaren kategorian hautagai izan zen L’Homme qui a vendu sa peau (2020) ekoizpen tunisiarrak abiatu du sail ofiziala, Kaouther Ben Hania zuzendariak berak aurkeztuta. Siriako gerraren testuingurupean, herrialdetik ihesi Europara alde egin nahi du Sam Ali protagonistak, Belgikan baitu bere maitea, diplomatiko aberats eta estimatu batekin ezkontzera bere burua behartuta ikusi duena. Berehala agertuko zaio harekin elkartzeko aukera emango dion irtenbidea, son handiko artista batek haren lepoa margotu eta arte bilakatuko baitu.
Umiliatuta erakutsiko du Ben Haniak bere protagonista, bi aldiz biktima. Batetik, gerra bizi duen orok bezala, askatasuna ekidin dioten herritarra da; bestetik, giza-izaera deuseztatu eta merkantzia bilakatu dute. Tatuajeak, artistaren trazuak, bihurtuko du Ali menpeko, azala markatuta du, eta horrek hautsi egingo du haren izatea, dagoeneko ez baita bere buruaren jabe. Esklaboa da, XXI. mendeko gatazken subjektu objektualizatua.
Eta berak hala ‘onartu’ bezala, guk ere, izango dugu horren berri, zinemagilea tematu egingo baita formalki etengabe azpimarratzera, trataera plastiko pasteloide eta prebisiblearen alde eginez: plano zatikatuak, alboratuak, ispilu-jokoak, neoizko argi koloretsuak… iparra galdu duen presoaren ezinegona irudikatzeko. Eta ‘onartu’ diot, galdera potolo bat planteatuko baitu filmak: zilegi ote da maitasunagatik edozer egitea? Erantzun erromantikoaren alde egingo du zinegileak, bai diskurtsoan, zein estetikan, nahi eta, azken bueltan, kontakizunak dimentsio teknologiko-distopiko oso prezipitatua barneratuko duen pelikularen kalterako, eta ikusleen harridurarako.
Erbestea eta erresilientzia dira Helena Bengoetxeak zuzendutako Matrioskas. Las niñas de la guerra dokumentalaren abiapuntua ere. Espainiako Guda Zibilak eztanda egitearekin batera Sobietar Batasunera -eta gero Kubara- alde egindako lau emakumeren memorian murgildu da zuzendari nafarra. Teresa, Alicia, Araceli eta Julia. 90 urtetik gorako errefuxiatu antifaxistak. Iraganera begira hitz egiten dute, baina istorio anekdotikoen kateaketan erori gabe. Esperientzia eta bizipen pertsonaletatik abiatuta belaunaldi oso baten lekukotzak ezgautu, ohi bezala, Historia gizonezkoek idatzitakoa baita, eta ezer gutxi dakigu ahanzturara kondenatuta dauden emakumez. Milaka izan ziren itsasontziz alde egitera behartuak izan zirenak, eta lauren testigantzak soilik jasoko ditu Bengoetxeak. Gutxi izan daitezke, eta ezin da beraiek kontatutakoa orokortu. Helburua ez da gerraren memoria kolektiboa osatzea, baina, akats larria litzateke itzaltzear dauden ahots horien balio historikoa indiferentziaz baztertzea.
Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azokaren baitan atondu dute saioa, eta bertan izan dira zinemagilea zein Javier Murillo UAMeko Justizia Sozialerako Hezkuntza UNESCO katedraren zuzendaria. Azken honek filmak duen “izaera pedagogikoa” nabarmendu du, hainbat gairen inguruan hausnartzeko eta sakontzeko duen gaitasuna aitortuz, bake-hezkuntza aldarrikatuz: “Gerra dago berriz ere Europan, eta zoritxarrez, Matrioskas. Las niñas de la guerra dokumentalak erakusten duen Leningradoko egoerarekin alderatu daiteke egungo egoera. Gernikako bonbardaketaren auzia ere azaltzen da, horregatik, ezinbestekoa da datozen belaunaldiak bakearen ideiapean heztea. Gerrarekin giza eskubideak desagertu egiten dira”.