Euskadiko Filmategiak apirila eta ekaina bitartean ikusgai egongo diren filmen zerrenda argitu du. Lyongo Lumière Institutuarekin elkarlanean, zinemaren historiari errepasoa emango diote  hautaketa eklektikoa eskainiz. Gasteizko Artium Museoan, Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan egongo dira filmak ikusgai. Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinemetan ere lau emanaldi atonduko dituzte.

Lumiere emanaldiak 2022-zinea

Ziklo berri honek 1982an sortu zuten Lumière Institutuaren lana goraipatzea du helburu. Euskadiko Filmategiko arduradunek aitortu bezala, “erakunde eredugarria da zinema klasikoaren kontserbazioari, zaharberritzeari eta hedapenari dagokienez”. Bere lehenengo ohorezko presidentea izan zen Bernard Tavernier zinemagilea, eta hura omenduz ekingo diote apirilaren 7an prestatutako egitarauari: L’Horloger de Saint-Paul (1974) proiektatuko dute Artiumen, eta filmategiko gainerako egoitzetan, hurrengo egunetan. Maëlle Arnaud Lumière Institutuko programazio arduraduna gonbidatuko dute saioetara.

Lionen jaiotako sortzailearen lekukoa hartu zuen Irène Jacob aktoreak, eta bera da hain zuzen ere, zikloaren kartelaren protagonista, Donostian eta Bilbon izango dena bere lan nabarmenetako bat aurkezten: La double vie de Véronique (Krzysztof Kieslowski, 1991), Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuena.

Emanaldi hunkigarri ugari atondu dituzte zikloko antolatzaileek, eta nabarmendu nahi izan dute, besteak beste, Thierry Frémaux, Lumière Institutuko eta Cannesko zinema jaialdiko zuzendaria ekainean bertaratuko daela Euskal Herria,¡Lumière! L’aventure commence (2016) pelikula aurkeztera, Lumière anaien film harrigarrietara egindako bidaia adierazgarria. 

Gainera, Clint Eastwood, Elli Wallach eta Lee Van Cleef protagonista dituen spaguetti westernaren klasikoa ere proiektatuko dute, Il buono, il brutto, il cattivo (Sergio Leone, 1966); baita Scarecrow (Jerry Schatzberg, 1973), Gene Hackman eta Al Pacino aktore dituena; edota The Red Shoes (Michael Powell eta Emeric Pressburger, 1948), Britainiar zinemaren funtsezko filmak ere. Horiez gain, honako emanaldi hauek nabarmendu dituzte: Alicia in den städten (Wim Wenders, 1974); The Bigamist (Ida Lupino, 1953),   La belle équipe (Julien Duvivier, 1936), Le corbeau (Henri-Georges Clouzot, 1943) eta L’Armée des ombres (Jean-Pierre Melville, 1969). 

Lumiere emanaldiak zikloa 2022ko apirila eta ekaina bitartean gauzatuko da, eta emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, aipatu bezala, Euskadiko Filmategiko egoitzetan. Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan, berriz, Ere erera baleibu icik subua aruaren, La double vie de Véronique, La belle équipe eta ¡Lumière! L’Aventure commence ikusteko aukera egongo da soilik.  Sarrerak proiekzio-leku bakoitzean erosi ahal izango dira, baita internet bidez ere. 

Ezagutu egitaraua, hemen.