Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburua aurkeztu berri du Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktoreak. Orain arte bildu ez den euskal zinemaren historia biltzea izan du helburu, “hutsune bat bete”.

Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka irabazi zuen Josu Martinezek 2019an eta, hain zuzen, horren emaitza da aste honetan aurkeztu duen ‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ liburua. Obrak zinemak euskararekin izandako harremanean jarri du fokua, XX. mendeko sorkuntza zeharkatuko duen ibilbide baten bidez; alegia, irudiz eta euskaraz sortu diren lanen kartografia bat.

Azterketa bibliografiko sakona, iturri ezezagun ugariren azterketa eta egilearen ikuspegi propiotik jaiotako interpretazioak eta kritikak izango dira nagusi Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean argitaratutako liburuan. Estilo bizi, zorrotz eta dibertigarri batetik jorratua, akademiarako ez ezik, publiko zabalarentzat ere interesgarria izango den lana dela nabarmendu du UEUk.

Bada, film eta sortzaile ezezagun ugari bilduko ditu lanak; garai desberdinen joera, diskurtso, bizipen eta gertaeren isla izango diren kontakizunak, eta baita istorio, bitxi, triste eta harrigarriak ere.

UEUren onlineko dendan eskuratu daiteke pieza, paperezko formatuan zein digitalean. Eskuratu hemen.