Gaur ekingo diote Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari. Victoria Eugenia Antzokia prest dago The Man Who Sold His Skin (Kaouther Ben Hania, 2020) filmarekin hiritarrak txunditzeko, apirilaren 8ra bitartean munduan gertatzen diren errealitateen aldarri bilakatzeko. Egitarau zabala prestatu dute 19. ediziorako, urtero legez, gaurkotasuna helduleku.

Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak, astebete luzez zinemazaleek hirian izango duten eskaintzaz hitz egin digu ZINEAn. Jorratuko dituzten gaien artean, emakumeengan eta beren borroketan jarri du azpimarra, baina Ukrainia eta Errusiaren arteko gatazkari toki berezia egingo diotela ere azaldu digu. Gainera, urtero presente dauden Palestina, Afganistan (kartelean ordezkatutakoa) ez dituzte ahaztuko, eta Saharak berebiziko presentzia izango du ere, EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko baitu aurtengo sari berezia, aurrenekoz, kolektibo bati emango diotena.

Euskal Herriko ekoizpenek zeresana emango dutela aurreratu digu, bereziki, Matrioskas. Las niñas de la guerra (Helena Bengoetxea 2021), Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi (Jesús Lacorte, 2022) eta Norte Salvaje (2022) filmek: “Emanaldi politak eta hunkigarriak izango dira, bertako memoria historikoaren testigantzak baitira.

2020ko edizioa bertan behera uztera behartu zuen COVID19ak, eta osasun-neurri zorrotzak betez ospatu zuten iaz, aurten, aldiz, festibala prestatzen hasi zirenean “non egongo ginen” ez zekitela aitortu digu Beltranek, baina aretoetako edukiera osoa berreskuratzeko aukera izan dutela jakitun, “oso pozik” azaldu da: “Iaz ez bezala, gauetan ere bi emanaldi izango ditugu, eta lasaiago ibiliko gara solasaldietan”.

Jarraian, harekin izandako solasaldiaren laburpena: