Abokatutzari buruzko filmei errepasoa emango die Nafarroako Filmotekak apirilean. Zinema eta literatura lotuko dituzten emanaldiak, lurraldeko zinemagileen lanak eta Punto de Vista jaialdiko film luze eta labur onenak ere jasoko ditu egitarauak.

Nafarroako filmoteka-apirila-zinea

Aurreko edizioetan izandako arrakastak bultzatuta, Nafarroako Filmotekak, Iruñeko Abokatutza Eskolarekin elkarlanean, abokatuak, haien eginkizunak, eta oro har, gai juridikoak oinarri dituzten filmak eskainiko ditu aurten ere. Interes handiko lau emanaldik osatuko dute 2022ko eskaintza, estreinaldi urtea jarraituz emango dituztenak.  The File on Thelma Jordon (Robert Siodmak, 1949) lanak abiatuko du, apirilaren 1ean, zikloaren bosgarren edizioa, eta ostean etorriko dira Party Girl (Nucholas Ray, 1958), A fish Called Wanda (Charles Crichton, 1988) eta Une intime conviction (Antoine Raimbault, 2018).

Idatzia eta filmatua sailean, aldiz, Nafarroako Liburutegiak Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan, zinema eta literatura batzen dituzten lau film luze atondu dituzte: Wolfgang Herrndorfen eleberriaren egokitzapena den Good bye, Berlin (Faith Akin, 206), Muriel Barberyren testua abiapuntu duen Le Hérisson (Mona Achache, 2009), Joxe Migel Barandiaranek bildutako ipuinean ardaztutako Errementari (Paul Urkijo), eta Antonio Skarmetaren eleberriaren moldaketa, Il postino (Michael Radford, 1994). IHEOko irakasleek aurkeztuko dituzte saioak.

Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako lan bat izango da ikusgai Nafarroako Filmoteka atalean: Urak aske (Bego Zubia Gallastegi, 2022). Pixel ikus-entzunezko ekoizpenak eta Elhuyar Fundazioak sortutako lanak Artikutza (Euskal Herria) eta Vezins (Normandia) urtegiak husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak kontatuko ditu.

Nafarroako Liburutegi Zerbitzuaren lankidetzan, Zinema eta agroekologia zikloaren hirugarren emanaldia ere egingo dute apirilean. Helena Bengoetxeak zuzendutako Gure lurra, gure etorkizuna (2011) emango dute, gaur egungo nekazaritzako elikagaien eredu globalizatuak sortzen dituen arazoak aztergai dituena.

Azkenik, Martxoaren 14tik 19ra ospatu dute Punto de Vista Jaialdiko film luze eta labur onenak pantailaratuko dituzte: Baleh-baleh (Pascale Bodet, 2021) eta To Pick a Flower (Shireen Seno, 2021).

Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta sarrerek 3 euro balio dute. Sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak martxorako prestatu duen egitaraua, hemen.