Elías Qurejeta Zine Eskolako Komisariotza graduondoko ikasleek proposatutako Kamara armatu – A(r)mar la cámara zikloaren emanaldi berri bat egingo dute gaur, Donsotiako Tabakaleran. Il n’y aura plus de nuit (Eléonore Weber, 2020) ekoizpen frantziarra egongo da 19:00etan ikusgai.

Armar la camara-martxoa-zinea

Hainbat sute-foku jorratuz, eta zinema gatazka bortitz bat eragin duen kausa baten zerbitzura jarriz, Kamara armatu – A(r)mar la cámara zikloa iragarri du Elías Qurejeta Zine Eskolak. “Borroka horiek irudikatuko dituen kartografia eta gizarte-gatazken eta zinema-ekoizpen dibergentearen mekanismoen arteko loturei buruz hausnartzea ahalbidetuko duen mapa bat marraztea, bai estetikatik eta bai narratibatik abiatuta” izango dute Komisariotza graduondoko ikasleek helburu. Programa 2022an zehar garatuko da, eta hilabetero film bana ari dira eskaintzen. Martxoari agur esateko, Il n’y aura plus de nuit proiektatuko duten 19:00etan, Tabakaleran. Weber zinemagileak aurkeztuko du saioa.

Irak, Pakistan eta Afganistango operazioetan militarrek egindako sarraskiak modu gordin eta beldurgarrian erakutsiko ditu filmak: helikopteroetatik hartutako irudiak pasa ahala, sortzailearen beraren ahots narratzaileak horiek aztertuko ditu. Hausnarketa moral, existentzial eta identitarioak entzungo ditugu, pilotu izandako militar frantziar anonimo baten esperientzian murgilduz.

Su-arma eta kamera

Zikloak irudiek testuinguruan duten botereari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko du ikus-entzulea, eta orainaldiarekin nola hitz egin dezaketen pentsatzera: irudiek oraindik espiritu iraultzaileari eusten diote? Hori pentsa daiteke hizkera zinematografikotik?

“Enkoadraketaren xedea, objektiboaren beharra eta gailuari heltzea su-arma bati edo zinemako kamera bati egotzi ahal zaio. Bi objektuen antzekotasun fisikoa kezkagarria izan daiteke. Hizkera komunean ere badaude bien arteko loturak: obturadorea disparatzen dugu, we shoot a film. Zinema-gailua muntatzea eta irudikatzen denari apuntatzea zinemarekin borrokarako bideak irekitzeko tresna bihurtu da zinegile eta mugimendu armatu askorentzat”.

Informazio gehiago, hemen.