Piszifaktoria Ideien Laborategiak bere azken proiektua aurekztu berri du: Noiz utziko dio euria egiteari film laburra. Durangoko Azokako Irudienea gunean estreinatu zuten performance zinematografikoa Bilbon eta Laudion ikusteko aukera egongo da apirilean.
Noiz utziko dio euria egiteari dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugan bizi den sormen-lana da, izen bereko Piszifaktoriarenkaleko ikuskizunean oinarritutakoa. 23 minutuko iraupena du film esperimentalak, eta “2071. urtera eramango gaitu, ordurako izango dugun gizartearen inguruan hausnarketa egiteko”.
Guillermo Ordás sortzaileak zuzendu du eta Irati Agirreazkuenaga aritu da produkzio-lanetan. Mikel Ayllonen gidoia dauka lanak, eta Igor Arzuagak konposatu du musika. Agirreazkuenaga, Ayllon eta Arzuagaren gorputz eta ahotsak ere ikusiko ditugu. Betitxe Saitua arduratu da jantziez eta Pablo Ibarluzea aholkularitza artistikoaz.
Durangoko Azokako Irudienea gunean estreinatu zuten performance zinematografikoak bi emanaldi izango ditu apirilean. Batetik, EHUren Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai, hilaren 1ean, 19:00etan: “40 lagunentzako murgiltze-esperientzia zinematografiko berezi bat izango da, antzerkiaren eta zinemaren artean dagoen lurralde berezi baterako bidaia”. Sarrera doakoa da, edukiera bete arte.
Bestalde, hilaren 24an, Aiaraldeko faktorian emango dute, Laudion. 18:00etan hasiko da saioa, eta Bilboko emanaldian bezala, sortzaileekin solasteko aukera egongo da. Horrez gain, filma Indiako Bangalore hiriko One Earth Award zinema jaialdian lehiatuko da.