CODA (Sian Heder) filma izendatu du Hollywoodeko Akademiak film onena, eta Jane Campionek (The Power of Dog) irabazi du zuzendari onenaren saria. Bart ospatu da 94. Oscar sarien gala, eta polemika nagusitu da, Will Smith zoritxarreko protagonista. Alberto Iglesiasek soinu banda onenaren garaikurra jasotzeko aukerak izan ditu, baina esku hutsik itzuliko da Donsotiara.
Ezustekoak eman zalea da Hollywoodeko Akademia; sorpresak gustuko dituzte, eta espero zitekeen bezala, bart ospatu den Oscar sarien 94. edizioak ez du hutsik egin. Aurreikuspen guztien kontra, CODA filma gailendu da Los Angelesen: hiru kategoriatan zen hautagai eta hiru sariak bereganatu ditu. The Power of Dog faboritoaren kaltetan, pelikula onenaren estatuatxoa eman diote akademikoek, eta taldeko aktore onenaren (Troy Kotsur) eta egokitutako gidoi onenarenak ere eskuratu ditu. Hain zuzen ere, Jane Campionek zuzendutako lanak zituen izendapen gehien (hamabi), baina bakarra lortu du, zinemagile onenarena. Hala, Zeelanda Berriko zuzendaria historiako hirugarren emakumea bilakatu da garaikurra jasotzen.
Aktore onenen kategorian, aldiz, esperotakoa. 69. Donostia Zinemaldian hasitako bidea borobilduz, Jessica Chastain saritu dute The Eyes of Tammy Faye filmean egindako lanagatik, baita tenis-izarrak bilakatu diren Williams ahizpen aita interpretatu duen Will Smith (King Richard). Azken sari hau baina, polemikak blaitu du, izan ere, estatuatxoa jasotzera taularatu denean, aktoreak zaplastakoa eman dio Chris Rock komedianteari, honek Smithen emazteari buruzko txiste bat egin ostean. Oscar galen historian sekula ahaztuko ez den momentu horietako bat bilakatu da, zoritxarrez, eta Akademiak berehala gaitzetsi du jazoera sare sozialetan, “inolako indarkeriarik” onartzen ez duela azpimarratuz. Taldeko emakumezko aktore onena, bestalde, West Side Storyn (Steven Spielberg) parte hartu duen Ariana DeBose izendatu dute.
Iglesias, esku hutsik
Smithena ez da gaueko polemika bakarra izan. Akademiak aspaldi jakitera eman zuenez, gala arintzeko asmoz, arlo teknikoei dagozkien sariak ez dituzte telebistaz zuzenean eman, eta zeresana eman du erabakiak. Denis Villenevek zuzendutako Dune izan da sari gehien jaso dituen ekoizpena, sei. Arlo teknikoko kategorietan nagusitu da, besteak beste, argazki zuzendaritza onenaren kategorian eta soinu banda onenarenean. Alberto Iglesias musikari donostiarrarekin lehiatu da azken honetan, baina, Los Angeles Film Critics Association elkartearen errekonozimendua jasotzetik badator ere, Hollywoodeko Akademiak ez du Madres paralelas (Pedro Almodovar) laneko musika-sorkuntza goratu.
Ryusuke Hamaguchik zuzendutako Drive My Car lana nazioarteko film onena izendatu dute, eta Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) (Ahmir “Questlove” Thompson) izan da dokumentalik onena. Animaziozko film luze onena, aldiz, Disney etxearen Encanto (Jared Bush eta Bryon Howard) izan da, eta film laburrei dagokienez, Alberto Mielgo eta Leo Sanchezek sortutako El limpiaparabrisas saritu dute. Bestalde, aurten sari berri bat banatu dute galan, ikus-entzuleek bozka bidez erabakitakoa: Zack Snyder’s Justice League (Zack Snyder).
Ezagutu irabazleen zerrenda, hemen.