Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiak hamabosgarren edizioko Elkarrizketak gunean izango diren bi saioak aurreztu ditu. Maiatzaren 4an eta 5ean gauzatuko dira bata zein bestea, Koldo Mitxelena Kulturunean. Topaketak “zinemaren, zinemako lanbideen eta publikoaren biziraupenaren ideiaren” inguruan ardaztuko dira.

Dock of the Bay-elkarrizketak-zinea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan, aurten ere Elkarrizketak espazioa izango du Dock of the Bay jaialdiak. Zinemaren eta musikaren eremuko hainbat gonbidaturekin hartu-emanetarako gunea izango da, “atsegin eta hurbila, non, ordu eta erdiz, proposamenak entzuteaz gain zuzenean hitz egin ahal izango dugun haiekin”. Maiatzaren 2tik 7ra bitartean ospatuko dute festibala, pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena, eta bi saio izango ditu guneak.

Aaron Rodríguez Serrano Ikus-entzunezkoen Komunikazioan doktorea izango da jardueren koordinatzailea, eta “Irudiak, etorkizuna gorabehera: errodatzea, erakustea, kontserbatzea” izenburua izango du ekimenak. Zinemaren, zinemako lanbideen eta publikoen biziraupenaren ideiaren inguruko jardunaldiak izango dira maiatzaren 4an eta 5ean Dock of the Bay jaialdiaren baitan egingo dituztenak, eta ondorengo galderak planteatuko dituzte: “Zein dira publikoak (zaharrak eta berriak)? Nola txirikordatzen dira erakustaldiaren eta kritikaren, jaialdiaren eta hiri-markaren, herritar nortasunaren eta film-diskurtsoaren arteko zubiak? Zer eginkizun betetzen dituzte aldaketa teknologikoek memoria zinematografikora zein egungo ikus-entzunezkoetara iristeko bidean? Azken batean, zergatik bizirauten du zinemak, nahiz eta ziurtatu ziguten beste diziplina mediatiko batzuek kenduko ziotela bere lekua?”

Maiatzaren 4an, prekarietateari eta ziurgabetasunari, irudiekiko eta Zinemaren Historiarekiko maitasunaren esperientziari buruz hausnartzera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak. Jorge Tur eta Joan Porcel zinemagile eta hamabosgarren edizioko epaimahaikideak, eta Mariona Borrull eta Jara Yañez zinema-kritikariak izango dira hizlariak.

Hurrengo egunean, Pela del Álamo zuzendariak, Inés Calerok eta Laura Garcíak sortutako Docs&Talks podcasta, Miren Iza abeslari eta epaimahaikidea eta Miquel Martí Freixas zinema-programatzailea izango dira Elkarrizketak ataleko protagonista.

Bi saioak Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dituzte, 19:00etan, eta bertaratzeko ezinbestekoa izango da gonbidapena eskatzea.

Informazio gehiago, hemen.