Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren Cinco Lobitos filma izan da garaile Malagako Jaialdian. Sari nagusia den Urrezko Biznaga eskuratzeaz gainera, beste hiru golardo jaso ditu: gidoi onenarena, emakumezko aktore onenarena eta publikoaren saria.

Malagako Zinemaldiaren 25. edizioko saridunen talde-argazkia

Malagako Zinemaldia Espainiar Estatuko zinemaren erakusleiho nagusietako bat da aspaldi. Euskal zinemagintzak parte-hartze nabarmena izan ohi du bertan eta, 25.edizioko filmak iragarri genituenean aipatu genuen gisa, aurtengoan ere ez da presentzia makala izan.

Cinco lobitos film luzearena izan da arrakasta handiena: Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eskuratzeaz gainera, emakumezko aktore onenaren ‘ex aequo’ saria ere jaso baitute Costak eta Susi Sanchezek protagonistek eta gidoi onenaren saria Ruiz de Azua zuzendariak berak.

Filmak, gainera, beste bost sari lortu ditu: ‘Flixolé’ Publikoaren Zilarrezko Biznaga; Malagako Unibertsitateko Epaimahai Gaztearen Saria; Opera Prima ASECAN saria (Andaluziako Idazleen Elkarteko kideek banatutakoa); Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kideek banatutako Feroz Puerta Oscura saria 2022; eta Signis saria, Munduko Erakunde Katolikoko kideek aukeratua.

Madril eta Bizkaia artean errodatu zuen Cinco lobitos, 2021eko uztailean. Laia Costa da protagonista, ama izan berri den eta nola jokatu behar duen ez dakien Amaiaren paperean. Susi Sanchez Goya sariaren irabazleak bete du Begoña amaren papera, eta Ramon Bareak Koldo aitarena. Amaitzeko, Mikel Bustamante jarri da  Javi senarraren paperean.

Lan kontuengatik aste batzuk kanpoan eman behar ditu Javik, eta Amaiak gurasoen etxera joatea erabakitzen du, euskal kostaldeko herri batera, egun batzuetarako haurra zaintzeko ardura haiekin partekatzeko. Amatasunaren eta zaintzaren haritik tiraka sortu du Ruiz de Azuak filma.

Honekin batera, beste hainbat izan dira Malagan errekonozimendurik jaso duten euskal proiektuak:

  • Dokumentalen atalean, Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Balika Aitor Sanchez eta Lander Ibarretxe.
  • Film labur dokumentalen atalean, Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Fe, Maider Fernandez.
  • Animaziozko film laburren atalean, Film Onenaren Zilarrezko Biznaga eta Publikoaren Saria: Loop, Pablo Polledri. Uniko ekoiztetxe bizkaitarraren parte-hartzea duen lana.
  • Premio Festival de Málaga – WIP España saria: A los libros y a las mujeres canto, Maria Elorza.
  • FIDBA Saria: A los libros y a las mujeres canto, de Maria Elorza.