Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak 19. edizioko egitarauaren berri eman du gaur, Victoria Eugenia Antzokian. 16 film luze lehiatuko dira sail ofizialean apirilaren 1etik 8ra bitartean. Emakumeak eta haien borrokak, Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazka eta euskal ekoizpenak nabarmendu dituzte festibaleko arduradunek.

Giza eskubideen Zinemaldia 19-aurkezpena-zinea

2020ko edizioa bertan behera uztera behartu zuen COVID19ak, eta osasun-neurri zorrotzak betez ospatu zuten iaz Giza Eskubideen Zinemaldia. Egoera lasaitu dela badirudi ere, zuhurtasunez ekingo diote apirilaren 1ean 19. edizioari. The Man Who Sold His Skin (Kaouther Ben Hania, 2020) filmak irekiko du festibala, eta hilaren 8ra bitartean, munduan ematen diren errealitate ezberdinak ezagutzeko plaza bilakatuko da Donostia.

Eneko Goia Donostiako alkatea, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia, Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko lehendakaria, Ainhoa Type Amnesty International Euskadiko ordezkaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna izan dira gaur Victoria Eugenia Antzokian festibala aurkezten, eta aho batez aldarrikatu dute “zinema ikuspegi kritikoa lantzeko ezinbesteko erreminta dela”.

Munduko bazter guztietatik etorritako 18 film luze (eta 12 film labur) erakutsiko dituzte sail ofizialean, eta Beltranek azaldu duenez, “horietako asko pantaila handian ikusteko aukera bakarra izango da”. Urtero legez, emanaldien ostean ikus-entzuleekin iritziak partekatzeko asmoz, solasaldiak eskainiko dituzte arratsalderoko emanaldien ostean (baita Antzoki Zaharreko larunbat eta igande goizeko bi emanaldietan ere).

Jorratuko dituzten gaien artean, emakume eta beraien borroketan jarri duten azpimarra, baina toki berezia egingo diote Ukrainia eta Errusiaren arteko gatazkari, baina urtero presente dauden Palestina, Afganistan (kartelean ordezkatutakoa) ez dituzte ahaztuko. Izan ere, EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko du aurtengo sari berezia, aurrenekoz, kolektibo bati emango diotena. Itxiera-gala hasi aurretik jasoko dute zine eskolako arduradunek omenalditxoa, eta bertan errodatutako hiru film labur proiektatuko dituzte. Ostean, festibalaren 19. edizioari amaiera Mali Twist (Robert Guédiguian , 2021) filmak emango dio.

Euskal ekoizpenei dagokienez, Paula Iglesias, Marta Gómez eta Ana Sernak zuzendutako Norte Salvaje (2022) lanak sail ofizialean parte hartuko du, lehiaketaz kanpo, aldiz, Matrioskas. Las niñas de la guerra (Helena Bengoetxea 2021) eta Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi (Jesús Lacorte, 2022) aurkeztuko dituzte, Beltranen iritziz zeresana emango dutenak. Film laburren atalean, Maider Oleagaren Kinka (2021) lehiatuko da.

Jarduera paraleloak

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldiaren helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua. Hala, sail ofizialeko filmen emanaldiez gain, beste hainbat jarduera prestatu dituzte antolatzaileek.

Giza Eskubideei aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azoka egingo dute apirilaren 2an, eta Begira TÚ online jokoaren bigarren edizioa ere ospatuko dute. Haur eta gazteei zuzendutako hiru film eskainiko dituzte, eta sei erakusketa egongo dira hirian ikusgai.

Bestalde, kultur ekimenetatik baztertuta dauden kolektiboen eskuragarritasuna hobetzeko, Giza Eskubideen Zinemaldiak film laburren emanaldia antolatu du Donostiako Espetxean, eta azken urteetan bezala, Tabakalerak ere saioak jasoko ditu (Arantza Santestebanek zuzendutako 918 gau, eta Sergei Loznitsaren Babi yar. Context).

Sarrerak (5 €) datorren ostiralean, martxoak 25, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzen du, Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, baita hainbat GKEren eta entitateren laguntza ere: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara, besteak beste.

Ezagutu egitaraua, hemen.