Zinemakumeak gara! mostrak eta AUX Magazine aldizkariak XPREST! AUX film laburren rallyaren 10. edizioa aurkeztu dute. Lehiaketa apirilaren 22tik 24ra egingo dute, eta izena emateko epea zabalik da.

XPREST AUX-zinea

Hamarkada beteko du aurten Bilboko film laburren rally parekideak. Norbanako zein taldeak inskribatzeko epea zabalik da jaialdian eskuragai dagoen formularioaren bidez, eta parte hartzaileek bi eguneko epea izango dute lanak osatzeko. Ezinbestekoa izango da talde guztietan, gutxienez, emakume batek parte hartzea.

Osatu beharreko film laburraren gaia hilaren 22an, 12:00etan, emango dute aditzera antolatzaileek Bilborocken, eta taldeko ordezkari bat ala gehiago bertan egotea komeni da. Dena den, gaia webgunean bertan ere argitaratuko dute ekitaldia aurkeztu eta bi ordura, bertan egon ez direnek rallyan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Bi egun osoko epea emango dute ikus-entzunezkoa osatzeko, euskaraz, gazteleraz ala hitzik gabe, eta bost minutura arteko iraupena duten azken emaitzak hilaren 24an, 15:30etik 16:30era, aurkeztu beharko dira Bilborocken bertan. USB memoria batean entregatu beharko dira bi formatu posibletan: H.264/H.265 .MP4 edo .mov (1280 × 720/1920 × 1080) edota Apple Prores (1280×720 / 1920×1080).

Aurkezpen ekitaldia egun horretan bertan, 19:00etan, egingo dute, eta parte hartzaileen artean lau sari banatuko dituzte: Emakundek emandako 700 euroko lehen saria, Bilbao Historikok emandako 400 euroko bigarren saria, eta AUX Magazine eta Bilbao Hiriko sari gastronomikoak.

Ekimenaren inguruko informazio osagarria festibalaren atarian dago eskuragai.