La Rochelleko Sunny Side Of The Dock 2022 azokan parte hartu nahi duten proiektuek Basque Audiovisual katalogoaren babespean eman dezakete izena. Pitching saioetarako zein akreditazioak eskatzeko epea zabalik da.
Zineuskadi, Eiken eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, Sunny Side Of The Dock azokan stand propioa izango du aurten ere Basque Audiovisual markak. 2022ko ekainaren 20tik 23ra bitartean egingo dute, eta pandemiaren eraginez aurreko urteetan ez bezala, aurrez aurre gauzatu ahalko da ekimena. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute modu birtualean parte hartzeko aukera ere badagoela. Zinemagile berriei emango zaie garrantzia berezia, eta horretarako, #NEWVOIVES leloa erabiliko dute.
Basque Audiovisual-en standaren babespean parte hartu nahi dutenek bi data izan beharko dituzte kontuan. Batetik, apirilaren 7an (23:00etan), proiektuak Pitching saioetarako aukeraketan aurkezteko epea bukatuko da. Bestetik, ekoizpenak akreditatzeko eta proiektuak merkatuko katalogoan agertzeko epea maiatzaren 16a artekoa da.
Batean zein bestean izena emateko, Sunny Side Of The Dock azokako kontua sortuta izan behar dute eskatzaileek, eta Zineuskadik emandako kodea (DLSSD22_BASQUEAUDIOVISUAL) erabili akreditazioak eskatu eta horietan deskontuak izateko. Gainera, Basque Audiovisualekin harremanetan jartzea (info@basqueaudiovisual.eus) eskatu dute, izen-ematearen abisua emateko.
Informazio gehiago, hemen.