Lotura Filmsen eskutik, Orkestra Lurtarra filma euskaraz iritsiko da zinema-aretoetara, datorren apirilaren 8an. Hori baino lehen, aurrestreinaldi berezia egingo dute apirilaren 3an, telebistaren Bilboko egoitzan.

Orkestra Lurtarra animazio filmaren protagonista Manu da. Musika-banda bat osatzeko ametsa du, eta bere lagun zoroei eskatuko die laguntza: urduri dagoenean besapean azkura sentitzen duen kontrabaxu-jotzailea; naturaz gaindiko usaimena duten Perfumetti anaia bikiak; Korokanti abeslari liriko biboteduna eta Osoki, agertokiari beldurra dion perkusionista. Gainera, presidente ahuntza ere izango dute bidelagun.

Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce dira zuzendariak, eta animazioan ibilbide luzea egindakoa den Lotura Films ekoiztetxearen babesa du proiektuak. Arestian aipatu bezala, datorren apirilaren 8an helduko da filma Hego Euskal Herriko areto nagusietara, baina, hori baino lehen, EiTB taldearen parte-hartzea probestuz, aurrestreinaldi berezia egingo dute, apirilaren 3an telebistaren Bilboko egoitzan.

11:30etan, Multibox aretoan emango diote hasiera aurkezpenari, eta zuzendarien parte-hartzea izango du.

Zozketa berezia, 3 klubeko kideentzat

Orkestra Lurtarra filmaren aurrestreinaldiaren harira, filma ikusteko aukera berezia izango dute 3 klubeko haur bazkideek. Izan ere,  sarreren zozketa antolatu dute, eta irabazleek launa sarrera jasoko dituzte filma Multibox aretoan ikusi ahal izateko.

*3 Klubeko bazkidea bazara, esteka honen bidez gauzatu dezakezu zozketaren izen-ematea: https://www.eitb.eus/eu/hiru3/osoa-zozketa/8734481/irabazi-orkestra-lurtarra-filma-ikusteko-sarrerak/