Zuzendaria: Jeff Tremaine
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB

 

-Zentzuzko bitartekoak, zentzugabeko helburuak-

Beharbada, eguneroko ekintza askotatik nolabaiteko distantzia hartuko bagenu, asko burugabekeria hutsak irudituko litzaizkiguke. Ez da erraza izaten, ordea, ekintza horietan murgilduta gaudenean, eszenak kanpotik ikustea; esku artean dugun horretan murgilduta, ekintzaren ‘zergatia’, ‘zertarakoa’… nolabaiteko ikuspegi globala aldendu egiten zaigu bistatik. Neurri batean, horixe izan zen Theodor Adornok eta Mark Horkheimerrek 1940ko hamarkadan, gero eta mekanizatuago eta burokratizatuago azaltzen zitzaien Alemania teknokrata hartan, ikusi zuten arazo nagusietako bat. Izan ere, bazirudien estatuaren arrazoimen edota inteligentziak zerikusi gutxi zuela jada ekintzen helburuen izaerarekin, haien funtsezko zergatien zuzentasunarekin. Ordez, Frankfurteko Eskolako pentsalariei nazismoaren erregimenak zerbait irakatsi bazien, mendebaldeko arrazoimenaren ideal berria zentzuzko helburuekin baino, edozein helburu lortzeko (genozidioa barne) zentzuzko bitartekoekin neurtzen zela izan zen. Izan ere, alemaniarren pentsamendu industrial hura zeharo azkarra zen zituen helburuak lortzeko, kasu honetan, hondamena modu guztiz eraginkorrean burutzeko. Ez horrenbeste, ordea, helburuak ondo aukeratzeko.

Galdu dut nik ere, xehetasun horietan murgilduta, hitzaurre honek zuen helburua… honek guztiak zerikusia du, nolabait, Jackassen azken filmeko puzkerrekin.

“Pasatu dira jada hogei urte, eta hemen gaude oraindik ere, ergelkeria berdinak egiten”, dio Johnny Knoxvillek Jackass Foreverren, 2000. urtean MTVrako filmatu zuten barrabiletako ostikoa berriz ere errepikatuz. Ilea zurituta du orain, eta sketch originalean ez bezala, Francis Ngannou UFCko txapeldunak emango dio hanka tartean ukabilkada. Argi dago, beraz, ordutik hona testuinguru soziala aski aldatu bada ere (asko politizatu da industria, eta ez da jada horren ohikoa Jackass bezalako trauskilkeriak ikustea, ezta Ameriketan ere), taldearen jarrera post-punk skater hori garbi mantendu dela. Areago, ez dirudi taldearen adinak produktuari kalte egin dionik, ezta egungo zuzentasun politikoaren panoramak ere: izan ere, duten haur-jarrera are modu barregarriagoan eta are okerragoan ikusiko da, eta ez al da horixe Jackassek nahi (eta behar) duena? Arazo potoloena, bestalde, gaztaroko stunten originaltasun eta txispa faltan dago, azken film honetako ideia gehienak gutxi landutako aurrekoen birziklapenak baitirudite.

Mantendu da, hala eta guztiz ere, proiektu originalaren ideia bikaina: guztiz absurdoak diren helburuak burutzeko izugarrizko buru hauste tekniko-artistikoak izatea (oraingo honetan, ia 10 milioiko aurrekontuarekin). Esaterako, Knoxvillek hogei urte omen daramatza puzker batek ur azpian su har dezan saiatzen; lortu du azkenean, nola ez, ingeniari-zientifiko talde batek lagunduta. Era berean, ikusgarriak dira taldeko bata bestea torturatzeko asmatzen eta eraikitzen dituzten aparatu sofistikatuak. Hein batean, maskulinitatearekin lotzen dugun mentalitate ingeniari absurdoa agerian uzten du Jackassek: kapitalismoaren logika industrialean gertatzen den legez, zentzuzkoak dira haien teknikak, bai, baina guztiz zentzugabekoak haien helburuak.