Gaur egungo ikus-entzunezko iritzia, kritika eta kontsumoaren inguruko hausnarketa oinarri izango duen topaketa hartuko du Tabakalerak martxoaren 27an. Euskarazko kontakizun ezberdinak sustatzea du helburu ‘Ikus-entzunezkoak sareetan’ egitasmoak, 2deo laborategiaren baitan prestatutakoak.

Ikus-entzunezkoak sareetan

Programak bi zati izango ditu. 16:30ean, ‘Izan zaitez #Memelari’ tailerrak emango dio hasiera, eta bertan izango dira Asier Burguete, Lorea Intxausti eta Joanes Echebeste aktoreak ikus-entzunezko memeak euskaraz sortzeko prest.

Ostean, 18:30ean, Alex Padilla, Ainhoa Vitoria, Gaizka Izagirre eta Elemelonsek hartuko dute hitza, eta sortzaile digital zein kontsumitzaile izaeratik egingo dute gogoeta. Galdera mordoa, erantzun posible asko: ‘Nork gomendatu dizu hasi berri duzun telesail hori? Lagun batek edo youtuber batek? Nola enteratu zara estreinaldiaz? Aldizkariko kritika ala instagrameko posta? Spoilerren alde edo kontra? “Urteko film hoberenak” zerrendako zenbat ikusi dituzu dagoeneko? Nola erabaki duzu zer plataformara harpidetu? Nork partekatu du zurekin Euphoria-ri buruzko azken txioa? Nori bidaltzen dizkiozu zure telesail gustokoaren meme guztiak? Nola “saldu” hoberen ikus-entzunezko edukiak? Zer hizkuntzatan? Euskara, gaztelania ala ingelesa hobe? Nola kontsumitzen dugu kultura sareetan?’.

Horrez gain, Izagirrek formatu eta lengoaia berriak, hala nola, Twitch, Twitter, Instagram, Youtube, Tik-Tok etab. izango ditu aztergai. Topaketari bukaera emateko, zuzeneko Twitch saio bat egingo du bere #ZINELKARRIZKETAK saiora gonbidatu berezi bat eramanez.