FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 28. edizioan parte hartuko duten euskal film laburren aurrerapena egin du. Hamahiru lan zehaztu dituzte, maiatzaren 6tik 14ra bitartean lehiatuko direnak.
Bilboko Udalak antolatutako FANT Zinemaldi Fantastikoa ohiko datetan ospatuko dute 2022an. 28. edizioa maiatzaren 6tik 14ra egingo dutela iragarri dute, eta “pandemia aurreko normaltasuna” berreskuratuko dutela adierazi dute antolatzaileek. Ordutegi eta egoitza guztiak errespetatuko dituzte, 2019ra artekoak, eta nazioarteko gonbidatuei ongietorria emango diete berriro.
Hilabete t’erdi eskas falta da Frankenstein protagonista izango duen hitzorduari hasiera emateko, baina itxaronaldia luze suertatu ez dadin, antolatzaileek egitarauaren lehen aurrerapenaren berri eman dute. Festibal bilbotarrean erakutsiko dituzten euskal film laburrak ezagutarazi dituzte:
- El cometa (Aitor Elorriaga)
- Carnívoro (Lander Castro)
- El carné (Xabi Vitoria)
- Calma (Jon Lopez Martin)
- Au Pair (David Perez Sañudo)
- Pasaia (Xanti Rodriguez)
- Hikikomori (Borja Crespo)
- Haraindiko (Alaia Sedano)
- Los días que (nunca) fueron (Kevin Iglesias)
- Please Wait (Iñaki Reyna)
- Rewind (Iñaki Reyna)
- Spiricom (Jon Herrero)
- Txoriak txori (Nitya Lopez)
Munstroari omenaldia
Azken urteetako ekimenari jarraipena emanez, jaialdia hasi aurretik, hainbat film pantailaratuko dituzte Azkuna Zentroko Golem zineman. Otsailaren 17an ekin zioten PREFANT zikloari, eta datozen egunetan proiektatuko dituzte azken bi filmak, hain zuzen ere, festibaleko irudiarekin lotutakoak.
James Whalek zuzendutako Frankenstein filma estreinatu zela 90 urte beteko direla aprobetxatuz, Mary Shelley idazlearen eleberrian oinarritutako lanaren lehen bi egokitzapenak emango dituzte: martxoaren 24an, Frankenstein bera; eta urte batzuk beranduago zinemagileak berak estreinatutako The Bride of Frankenstein (1935), apirilaren 7an.