Aitor Gabilondok, Xabier Berzosak, Laura Sarmiento eta EITBko eta Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio batzorde batek hautatu ditu 2deo serieak 2022 deialdiaren baitan garatuko dituzten hiru proiektuak: Lander Castroren eta Igor Garciaren Agur, terrorista, Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly eta Asier Urbieta San Martinen Eneko.
2deo Serieak Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak sustatutako programa bat da, telesailen sortzaileen (ekoizleak eta gidoilariak) proiektuak tutoretzan hartzeko eta babesteko. Mentoretzak eta aholkularitza indibiduala eskaintzen ditu, eta Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF) lankidetzan garatzen da. Prozesu osoan zehar hiru mentore egongo dira, programan aukeratutako hiru proiektuen jarraipena egiteaz arduratuko direnak. Hain zuzen, lanak hautatuko dituen balorazio batzordeko kide berak izango dira irakasleak: Aitor Gabilondo, Laura Sarmiento eta Xabier Berzosa.
Mentoretza deialdi honen helburua da aukeratutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna azpimarratzea eta, banaketa-eredu berriek eskaintzen dituzten aukerei esker, euskarazko telesailen eta haien nazioartekotzearen alde egitea. 2deo Serieak talentu berriak eta ibilbide profesionala duten pertsonak galdegin ditu, telesail-proiektu baten aldeko apustua egin zezaten, edozein formatu eta generokoa, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin. Edozein genero eta iraupeneko telesail-proiektuak onartu dituzte, fikziozko telesailak zein dokumentalak barne, eta arreta berezia eskaini diete plataforma digitalei.
Bada, Aitor Gabilondo ikus-entzunezko fikzioaren sortzaileak, Xabier Berzosa ekoizleak, Laura Sarmiento gidoilariak eta EITBko eta Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio batzordeak hautatu ditu 2deo serieak 2022 deialdiaren barruan garatuko dituzten hiru proiektuak. Lander Castroren eta Igor Garciaren Agur, terrorista euskarazko proiektuak, Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly eta Asier Urbieta San Martinen Eneko.
Sortzaileek Laura Sarmientoren, Aitor Gabilondoren eta Xabier Berzosaren mentoria eta banakako aholkularitza izango dute, eta 6.000 euroko laguntza euren egitasmoen garapenerako. Bada, apiriletik irailera, hiru egonaldi presentzial egingo dituzte Tabakaleran, gidoiaren analisia eta berridazketa lantzeko, baita proiektu bakoitzaren ekoizpen- eta banaketa-estrategia ere.
Programaren azken zatian eta Donostia Zinemaldiarekin bat eginaz, ekoizle, banatzaile, inbertsore, plataforma eta telebista-kanalekin topaketa profesionalak egiteko aukera izango dute, beren telesaila ekoizteko aukerak biderkatzeko.
Hautatutako proiektuak
Lander Castro eta Igor Garciaren Agur, terrorista, Lander Otaola euskal aktorearen bizitzan (pixka bat) oinarritutako euskarazko historia da, eta, aldi berean, bere burua aurkitzen saiatzen den norbaiten istorioa da.
Lander Castro Platanoboligrafo ekoiztetxeko kidea da. 2021ean bere lehen film laburra filmatu zuen zuzendari eta gidoilari gisa, Carnívoro, urte bereko Sitgeseko Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zena. Igor Garcia, aldiz, ekoiztetxe bereko sortzaileetako bat da eta Superdown edo La Piscina bezalako film laburrak zuzendu eta idatzi ditu. Azken hori Zinebi jaialdiko sail ofizialean hautatu zuten. Gaur egun, Yerma luzemetraiaren proiektua garatzen ari da, zuzendari gisa bere opera prima izango dena.
Bestalde, Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly filmak Ana Mollyren istorioa kontatzen du. Post-nerabe haserretua, bizitzan oso galduta sentizem da. Unibertsitateko lehen urteari aurre egiten saiatuko da, Sadiek, bere antsietatearen deabruak, bizitza oztopatzen dion bitartean.
Ana Urquijo gidoian espezializatutako komunikatzailea da. Komunikazioko Gradua egin zuen Entretenimenduan trebatu izanaren (telesailak, filmak eta bideo-jokoak) aipamenarekin. Ikus-entzunezko Gidoiak Sortzeko Masterra ere burutu du Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean.
Amaitzeko, Asier Urbieta San Martinen Eneko proiektuak Eneko protagonistaren amaren historian sakonduko du. Semea aitarekin batera desagertuko da 1999ko Gabonetako oporretan, eta orduan, Amak, bizitza aldatuko dion bilaketa bati ekingo dio.
Asier Urbieta San Martin ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da. Serieak, film laburrak eta dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu, eta horien artean aipagarrienak Altsasu telesaila, eta Pim Pam Pum eta False Flag film laburrak dira.