Maixabel filmak irabazi du Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiko Julio Verne sari nagusia. Ikus-entzuleek ere Iciar Bollainek zuzendutako lana nabarmendu dute, eta Uniko ekoiztetxe bilbotarraren Loop animaziozko lana izan da film labur onena.
Festival du Cinéma Espagnol de Nantes zinema jaialdiaren 31. edizioa martxoaren 8tik 20ra bitartean ospatu dute. Espainiar lurraldeko eta Euskal Herriko 60 ekoizpen ikusteko aukera egon da, eta 40 gonbidatu inguruk hartu dute parte. Bost sail izan ditu aurtengo ekitaldiak, eta hainbat euskal ekoizpen egon dira horietan ikusgai. Sail ofizialean, Iciar Bollainenek zuzendutako Maixabel filma lehiatu da, eta epaimahaiak, gainera, jaialdiko film luze onena izendatu du. Hiru Goya sari lortzetik dator Koldo Zuazuak (Kowalski Films) ekoiztutako lana, eta Les repentis izenpean estreinaldi arrakastatsua izan du Frantzian, izan ere, ikus-entzuleen saria ere bereganatu du.
Zinemagileen aurreneko lanak erakutsi dituzten atalean, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak ekoiztutako Espiritu sagradok (Chema García Ibarra, 2021) parte hartu du, baina La vida era eso (David Martín de los Santos) izan da garaile. Dokumental onenaren atalean aldiz, Apellanizek berak -Marc Sempererekin batera- zuzendu duen Canto cósmico. Niño de Elche lanak jaso du saria.
Film laburrei eskainitako sailean, Veneziako Mostran, lehenik, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakaleran, gero, lehiatu den Heltzear (Mikel Gurrea) egon da ikusgai; baita David Perez Sañudoren Au pair ere. Alabaina, Uniko ekoiztetxe bilbotarraren parte hartzea duen Loop (Pablo Polledri) animaziozko lana errekonozitu du epaimahaiak.
1990ean jaio zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes zinema jaialdia, eta erreferentzia bihurtzea lortu du Europan. Euskal ekoizpenak zabaltzen dituzte bertan urtero, eta 27.000 ikusletik gora biltzen ditu. 2020ko edizioa bertan behera uztera behartu zuen Covid19aren pandemiak, eta ekitaldi hibridoa egitea erabaki zuten iaz. Aurten, aldiz, aurrez aurre egin dute.
Euskal leihoa
Lehiaketa ofizialaz gain, Nantesko zinema jaialdiak urteak daramatza Euskal Herriko zinemagintzari leiho berezi bat eskaintzen. 2001ean sortu zuten Fenêtre Basque atala, eta ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, urteko film luze eta labur onenak zabaldu dituzte Europan zehar. 2022ko edizioak, aipatutako Maixabel, Espiritu sagrado eta Canto cósmico. Niño de Elche lanez gain, Igor Legarretaren Ilargi guztiak film fantastikoa, Maider Oleagaren Kuartk Valley dokumentala, eta Koldo Almandozek sortutako Hondar ahoak telesailaren pase bereziak jaso ditu. Film laburrei dagokienez, Kimuak 2021 aukeraketan hautatutako ekoizpen guztiak eman dituzte.
Bestalde, Kristina Zorita kazetaria eta Michel Gaztambide gidoilaria epaimahaikide izan dira, eta Julio Verne sariak ebazteko eskumena izan dute.
Ezagutu palmaresa, hemen.