“Tiene casi veinte años y ya está cansado de soñar. Pero tras la frontera está su hogar. Su mundo, su ciudad”, abesten zuen Nino Bravo kantari espainiarrak. Libertatea zuen amets, eguzkiak goizaldean bezala, itsaso zabalak bezala, presondegitik ihes egin eta hegan egiteko gai den txoriak bezala. Eta Arnaud Gomezek bezala. Laura Portier zinemagile frantziarraren anai gaztea da Arnaud, baina ez bata ez bestea ez ziren jaio Bravok ereserkia sortu eta jendaurrean intonatzen zuenean. Haren aldarri musikatua baina, bere egingo dute, bakoitzak bere modura.
Zinema egiteko beharrezko azpiegitura eta baliabide tekniko zen materialik apenas erabili gabe, hau da, kamera eskuan hartuta eta listo, erabakiko du Portierrek bere anaiaren desira filmatzea. Txikitan delinkuente izandakoa da Soy libre filmeko protagonista, baina goraino dago, nekatuta ematen dioten tratuagatik. Motxila hartu eta badoa Frantziatik: “Ihes egin nahi dut herrialde puta honetatik”. Lehenengo Espainiara, urrutiagora gero. “Atzerritarrekin hezi naiz, atzerritarrak bezala kartzelatu naute, diskriminatua izan naiz.”
Kalean egingo du lo, supermerkatuan lapurtu, parkeetako iturrietan bere gorputza garbitu… egoera abailduaren normalizazio etsitua erakutsiko dute anai-arrebek filmean. Bai biek, hori baita filmak proposatzen duen ikuspuntu-aldaketaren erakargarritasun handiena. Home movie bat bailitz bezala hasiko da Soy libre: motoan hara eta hona ibiltzea gustatzen zaion anaia gaztearen erretratua egin nahi du lehen instantzian arrebak, baina, honen asmoen berri jakitean berari emango dio kamera, lehen pertsonan, bitartekaririk gabe erakutsi dezan bizitza duin bat izateko eskubidea izatea zein nekeza eta problematikoa den.
Protagonistaren joan-etorriek markatuko dute filmaren erritmoa, frenetikoa. Hautsia da kontaketa, bere esperantzak bezala; gordina irudia, lehen eskuko lekukotzari fidel -nahiz eta Arnaudek kamerari hitz egitean eroso sentitzen ez dela aitortu-. Baina hala dagokionean, badaki samurtzen, eta negar-malko kutsakorrek kliskatutako interpelazio urtsuak salduta utziko gaitu, gizakiak baikara, hezur-haragizko arima sentikorrak. Batzuk behintzat.
Ahoa promesaz betetzen zaien agintariei, kasu honetan, frantziarrei, jaurtitako dardo pozoitsua da Soy libre, axolagabetasun instituzionalaren erruz beren herritarrak lurraldetik alde egitera behartuta daudela ikustarazteko eta kausaz kontzientziatzeko balio duen arma politiko xumea. Zintzotasunetik eraikitakoa, bizia, askea.
Bestalde, dokumental obserbazionalaren azpigeneroan koka daiteke Paweł Łoziński poloniarraren Film balkonowy lana. Kamera jarri eta aurrean gerta litekeenaren esperoan gelditu. Sinplea bezain arriskutsua da planteamendua, iraultzailea bezain erredundantea. Arloan maisu den Frederick Wisemanen azken lan arrakastatsuenetan –National Gallery (2014), Ex Libris – The New York Public Library (2017), City Hall (2020)- ez bezala baina, berehala izango du Łozińskik etxeko balkoipetik igaroko direnekin hartu-emana izateko tentazioa. “Kaixo, nor zaitugu?” Kaixo, zer berri?”. Hala, izatez aldatu eta galdeketa-film bilakatuko da, Jean Rouchek bataiatu eta Pier Paolo Pasolinik Comizi d’amore (1965) lanarekin segida emandako Cinéma vérité-aren ildoari bazka emanez. Arrazakeria eta kultura aniztasuna zuen frantziarrak bere lanetan mintzagai; italiarrek sexualitatearen inguruan duten pentsamendu eta aurreiritziak bigarrenak.
Alabaina, are barrurago begiratuko du poloniarrak Film balkonowy filmean: “Bizitzari buruzko pelikula bat da, pertsonei buruzkoa”. Horrela aitortuko die zalantzati bere galderak erantzutera geldituko diren herrikideei. Eta zerbait bada, bizitza denbora da. Atzerabueltarik ez duen hari amaiezina, aldi berean, ziklikoa. Udazkenero aurkituko ditugu hosto horixkak lurzoruan, neguan elurteak datoz, udaberrian argi itsutzaileak menderatuko gaitu, eta udan, bero itogarriak manga motzei egingo die harrera.
Hamaika istorio ezagutuko ditugu, hamaika “heroi”-ren ahotsetatik, noizbehinka akzidentalki planoan sartuko den soinu-pertikak erregistratuta. Paso egingo dute askok, gora begiratu bai, baina ezer jakin nahi ez dutelarik, beren bidea jarraituko dute; behin eta berriz buelotatuko dira Łozińskiren balkoipetik beste hainbeste. Animatuago ikusiko ditugu batzuk, egunerokoak nola aspertzen dituen kontatuz, ziria ere sartuz, kantatuz, terapia eta konpaini bila ere bakarren bat… abokatuak, kale-eskaleak, astrofisikari bat, ikasleak… klase sozial eta kondizio anitzeko gizon-emakumeak. Denak maila berean, Jainkoaren ikuspuntu dibinoa duen kamerak artatuko baititu berdin, inor bestearen gainetik nabarmendu gabe, bazterkeriarik egin gabe.