Zuzendaria: Arantza Santesteban
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria

 

Kartzela geldiunea da. Haustura da. Aldatzen dira espazioa eta denbora, hemen eta oraina. Eta, gerta daiteke, kanpoko bizitzan oinarri zenuen ideologia baino helduleku gehiago behar izatea aurrera egiteko; buruan pilatzen diren galdera, zalantza guzti horiek erantzuteko. Izan ere, murruaren alde batetik ala bestetik begiratzen duzunean bezalaxe; espetxea ez da berdina ere ez preso guztien begietara.

Baliabide guzti horien xerka, protagonistak espetxe barruan abiatutako bidaia intimoa jarraitzen du dokumentalak. Mintzatuko zaigu ardura politikoaren zama astunaz, gogor mantendu beharraz, neurria eman eta preso eredugarria izan beharraren erruaz… Finean, lekuz kanpo zauden horretan ere tokiz kanpo sentitzeaz. Baina baita ere espektatiba horiek atzean uzteko bideaz. Militantziaren zurruna zulatu eta intimitate propioa eraikitzeaz.

Tarteka arrotza, tarteka epela zaion preso politikoaren dimentsio epikoaren kontakizunetik aldendu eta bere espetxealdia humanizatu zuten pasarteak ekarriko ditu gogora. Xehe, zintzo, neurriz eta, tarteka, ausardia gordinaz. Muturreko plano batek bakarrik hitz egin dezakeen egitik; sentimenduen, kontraesanen eta, oro har, barne gatazkaren uholdeak modelatutako begiradatik.

“Ez dut inoren heroi izateko asmorik (…)

Miresmenez ikusten duten hori niretzako zama dela azaldu nahi nieke”

2021ko udazkenean izan zuen mundu mailako estreinaldia, DocLisboa Nazioarteko Jaialdian. Bide arrakastasua egin du ordutik, sari garrantzitsuak jaso ditu han eta hemen: DocLisboako Nazioarteko Film Onena, Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onena eta Pontevedrako Novos Cinemasen Latexos saria. Beste hainbeste eskuratzeko aukera emango dion bidea du aurretik, zalantzarik ez dut; baina, ez ote duen zuzendariak publikoaren harrera ona jasotzea beste helbururik…

Izan ere, arriskua hartu du eta sortu duen ikus-entzunezkoa tresna bat da; esparru kolektiboan erreproduzitzen diren idealizazioekin apurtu eta konpromiso eredu berriak planteatzeko lekua. Errelatoa da. Ihesaldia da. Bidea da. Santestebanen filma konpromisoaren zorrotzetik harago dagoen geruza berri bat da.