Hamabosgarrenez, musika eta zinema eskutik helduta iritsiko dira hirira Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren aitzakiapean. Udaberri bete-betean ospatuko dute aurten, aurrenekoz, eta dagoeneko, kartela, epaimahaikideak eta jarduera paraleloak aurreratu dituzte.

Dock of the Bay 2022-zinea

Dock of the Bay argitsu itzuliko da Donostiara, pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena gauzatu zuten iaz, eta neguko giro ilunetik ihesi, Eva Riveraren zuzendaritzapean, maiatzaren 2tik 7ra ospatuko dute aurten hamabosgarren hitzordua. Hiriko hainbat txokotan egingo dituzte emanaldiak eta iragarri dituzten jarduera paraleloak, hala nola, Antzoki Zaharrean, Dabadaban, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena Kulturunean.

Primo estudioa arduratu da jaialdiaren irudiaz, eta musika-tresnen irudiak, loreak, hostoak eta, oro har, landareak irudikatzen dituzten formak nahastu ditu sorkuntzan. Horia da kolore nagusia, eguzkia eta hark transmititzen duen bizitasuna irudikatu du: “Identitate grafikoan, musika-sorkuntzaren eta urte-sasoi honetako bizitzaren loraldiaren artean dagoen paralelismoaz hitz egiten dugu. Gertaera biak dira bizitzako misterio eta gauza miragarrien kategoria berekoak”.

Gainera, sail lehiakorretako filmak epaitzeaz arduratuko diren kideak ere ezagutarazi dituzte: Joan Porcel zinema-zuzendariak, Jorge Tur zinemagile eta UABko irakasleak eta Amanda Villavieja zinemako soinugileak osatuko dute film luzeen ataleko epaimahaia; Maider Oleaga bilbotar zuzendari eta Elias Querejeta Zinema Eskolako tutoreak, Miren Iza Tulsa taldeko abeslariak eta Pela Álamo Curtocircuíto Santiago de Compostelako Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak, aldiz, film laburren atalekoa.

Jarduera paraleloak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan, aurten ere Elkarrizketak espazioa izango du Dock of the Bay jaialdiak. Aaron Rodríguez Serrano izango da jardueraren koordinatzailea, eta “Irudiak, etorkizuna gorabehera: errodatzea, erakustea, kontserbatzea” izenburua izango du ekimenak.

Zinemaren, zinemako lanbideen eta publikoen biziraupenaren ideiaren inguruko jardunaldiak ere jasoko ditu hamabosgarren edizioak. Maiatzaren 4an, prekarietateari eta ziurgabetasunari, irudiekiko eta Zinemaren Historiarekiko maitasunaren esperientziari buruz hausnartzera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak. Tur eta Porcel zinemagile eta epaimahaikideak, eta Mariona Borrull eta Jara Yañez zinema-kritikariak izango dira hizlariak. Hurrengo egunean, Pela del Álamo zuzendariak, Inés Calerok eta Laura Garcíak sortutako Docs&Talks podcasta, Miren Iza abeslari eta epaimahaikidea eta Miquel Martí Freixas zinema-programatzailea izango dira Elkarrizketak ataleko protagonsitak.

Dock Live! diziplina arteko espazioa Kutxa Kultur aretoan gauzatuko da, ohi bezala, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen hizkuntzen zein artisten arteko bidegurutze bilakatuz. Verde Prato eta Ainara LeGardon abeslarien kontzertuek girotuko dute hiria. Lehenengoa hilaren 5ean, osteguna, 21:00etan; bigarrena larunbatean, hilak 7, 21:00etan. Horiez gain, Películas de carretera. El tráfico u otras formas de organizar la vida film laburraren estreinaldia jasoko du jaialdiak, Claudia Sánchez eta Milagros Valeriok zuzendutakoa. Maiatzaren 5ean izango da, 19:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan.

Publiko Berrien Atalaren barruan, Iván Castellen The rise of the synths film luzea ere aurkeztuko dute. Ekimen horren helburua da gazteak zinemara erakartzea eta haiei musika dokumentalen mundua hurbiltzea: “musikaren eta zinemaren plazera transmititu nahi diegu neska-mutilei, eta mundu horretan dihardutenen grina eta dedikazioa azaldu”, adierazi du Riverak.