Frankenstein izango da FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren aurtengo protagonista. Dagoeneko ezagutarazi dute 28. edizioko kartela, eta logo zein iragarki berrietan bezala, bere irudiak hartuko du presentzia. Festibala maiatzaren 6tik 14ra bitartean egingo dute.

FANT 28 kartela

James Whalek zuzendutako Frankenstein filma estreinatu zela 90 urte beteko direla aprobetxatuz, Mary Shelley idazlearen eleberrian oinarritutako munstroaren irudia izango da FANT Zinemaldi Fantastikoa girotuko duena. Trick or Treat Studios eta Universal Studiosen maskara ofiziala erabili dute sortzaileek argazki-saioa egiteko, eta Bilboko kaleetan ikusiko ditugu diseinuak aurki. Pertsonaiaren aurpegia ageri da diseinuan, Justin Mabryk sortutako maskara originala oinarri duena, eta logoko “T” hizkiak ere haren profila jasoko du, orain arteko taketaren ordez. Aurki argitaratuko duten iragarkia ere zuzenean egongo da lotuta munstroarekin.

Herri-kulturaren parte izatera iritsi da Frankenstein, jatorrizko eleberrian doktorea, baina popularki munstroarekin lotu izan dena. Egokitzapen ugari izan ditu zineman, baina lehena eta, beharbada, klasikoena, 1931n argia ikusi zuena da. Bada, FANTek estreinaldiaren urteurren borobila aprobetxatu du Boris Karloffek interpretatutako izakia goresteko, eta 28. edizioko irudi bilakatzeko.

Gainera, zinema jaialdia hasi aurreko PREFANT zikloan ere omenalditxoa egingo diote, Frankenstein eta urte batzuk beranduago zinemagileak berak estreinatutako The Bride of Frankenstein (1935) emango dituzte, martxoaren 24an eta apirilaren 7an, hurrenez hurren, Bilboko Golem zinemetan.

Normaltasunera itzulera

Bilboko Udalak antolatutako FANT Zinemaldi Fantastikoa ohiko datetan ospatuko dute 2022an. 28. edizioa maiatzaren 6tik 14ra egingo dutela iragarri dute, eta “pandemia aurreko normaltasuna” berreskuratuko dutela adierazi dute antolatzaileek. Ordutegi eta egoitza guztiak errespetatuko dituzte, 2019ra artekoak, eta nazioarteko gonbidatuei ongietorria emango diete berriro.